LABek Ordiziako San Jose egoitzako "murrizketak eta lan baldintzen okertzea" salatu ditu
Bihar Ordiziako San Jose egoitzako langileek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du LABek.
Ordizian San Jose egoitzako gatazkaren harira deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du LAB sindikatuak. “Lan-Daldintza duinak eta kalitatezko arreta eskatzen ditugu. Langileen osasuna eta erabiltzalleen ongizatea ezin dira enpresaren irabazien menpe egon”, dio LABen prentsa oharrak. Bihar, 18:00etan abiatuko da manifestazioa Ordiziako udaletxetik.
Izan ere, Ordiziako San Jose egoitzako “murrizketak eta lan-baldintzen okertzea” salatu ditu LABek eta Zaintzeni, Kabia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen die “lan-baldintza duinak, plantilla nahikoa eta egoiliarrentzako Kalitatezko arreta bermatzeko”.
Zaintzen S.A. enpresak 2025eko azaroan Ordiziako San Jose egoitzaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, langileek murrizketak eta lan-baldintzen pixkanakako okertzea jasaten ari direla azpimarratu du LABek. “Urte honetan zehar hainbat bilera egin dira enpresarekin, akordioak lortzeko eta dauden desadostasunak konpontzeko helburuarekin. Hala ere, ez da inolako akordiorik lortu. Irailean, enpresak lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat proposatu zuen, baina langileen ordezkaritzaren
adostasunik ez zuen izan. Hala eta guztiz ere, enpresak egutegietan aldaketak alde bakarretik aplikatu ditu, lan-kargak eta presioa handituz eta langileen artean ezinegona sortuz”.
Egoera horren aurrean, LABek formalki eskatu dizkie Zaintzen enpresako zuzendaritzari eta Prebentzio Zerbitzuari “egoitzako arrisku ergonomikoen eta psikosozialen ebaluazio espezifikoak. Helburua egungo lan-baldintzek eragindako arriskuak ezagutzea eta langileen osasuna eta segurtasuna babesteko prebentzio-neurriak egokiak diren egiaztatzea da”.
Sindikatu abertzalea bereziki kezkatzen du “langile eta baliabideen murrizketek langileengan zein egoiliarrengan duten eragin zuzenak. Langile faltak eta lan-kargen handitzeak arreta egokia eta jarraitua eskaintzea zailtzen dute, eta egoiliarrek ohiko arreta eskaintzen dieten auxiliar langilekiko erreferentzialtasuna galtzea eragiten dute”.
Era berean, LABetik salatu dute “etekin ekonomiko handiagoa lortzeko helburua ezin dela langileen lan-eskubideen, osasunaren eta arreta-kalitatearen kontura lortu”.
Hori guztiagatik, ondorengo eskakizunak egin ditu LABek: “Ratio egokiak eta plantilla nahikoa bermatzea; ordezkapenak behar bezala egitea, lan-kargak arintzeko; langileen lan-baldintzak eta eskubideak errespetatzea; eta zerbitzuen kalitatea eta egoiliarrei eskaintzen zaien arreta bermatzea”.
Azkenik, “Zaintzeni, Kabia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari beren erantzukizunak beren gainhartzeko eta zaintza-eredu publiko eta kalitatezko baterantz urratsak emateko” eskatu die LABek, “zaintza eskubide bat delako, eta ez negozio bat”.













