Herri txikiak eta immigrazioa mintzagai, Udazken kulturalean
‘Herri txikiak aurrera begira’ zikloaren baitan jorratuko dute gaia. Jon Muñoa zeraindarrak egingo du hasierako hitzartzea. Xabier Aierdi eta Patxi Juaristi izango dira gonbidatuak.
Zeraingo plaza herrigunean, artxiboko irudian. Aimar Maiz ZerainLabek antolatutako Udazken Kulturala ekimenaren baitan, Herri txikiak aurrera begira: Etorkinak komunitatearen parte ekitaldia izango da ostiral honetan, 11:00etatik aurrera kultur etxean. Ekimena Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean antolatu dute, Etorkizuneko Herri Txikien nazioarteko kongresuaren 10. urteurrenaren testuinguruan.
Hain justu, 2016ko azaroan ospatu zen Zerainen Etorkizuneko Herri Txikien kongresua ZerainLabek eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarri bereziez eta etorkizunaz hausnartzeko. Besteren artean, herri txikien etorkizuna eraikitzeko bide-orri izango zen Zeraingo adierazpena izenekoa ere sinatu zen ordu hartan.
Ordutik, Herri txikiak aurrera begira zikloa urtero antolatu dute Zerainen EHUren Udako Euskal Unibertsitarearekin. «ZerainLabek urtero antolatu du Herri Txikiak aurrera begira ikastaroa irailean gai ezberdinen inguruan: auzolana, memoria, etxebizitza, azpiegiturak edo garraioa bezalako gaiak landu dira. Aurten, arrazoi ezberdinengatik udako ikastaroekin eteteko erabakia hartu da eta nazioarteko kongresuaren 10. urteurrena baliatu da horri nolabaiteko jarraipena emateko, baina beste formatu batekin», azaldu du Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta ostiraleko ekitaldiko moderatzaileak.
Ostiraleko ekitaldiak bi zati izango dituela azaldu du Eizagirrek. Batetik, Jon Muñoa zeraindarrak egingo du hasierako hitzartzea, «orain 10 urteko adierazpena gogoratuko du eta azken hamarkadan bide horretan egindako lanaren errepasoa egingo du», dio. Hain zuzen, orain urtebete argitaratu zuten Muñoak eta Eizagirrek ZerainLabek eskatuta Herri txikiak aurrera begira: geroa auzolanetik liburuan jasotzen dira horietako batzuk.
Erronka berriak
Bide batez, orain hamar urte hartutako erabaki haietan islatu ez ziren erronka berriak agertu direla ere azpimarratuko du Muñoak. «Zeharka horrek lotura dauka ostiralean landuko dugun immigrazioaren gaiarekin. Ez du esan nahi orduan gai horiei buruz hausnartu ez zenik, baina bai, gaur egun orduan baino garrantzitsuagoak direla konturatu garela».
Bigarren zatian, immigrazioaren hertz ezberdinak aztertuko dituzte hitzaldi banatan, Xabier Aierdi eta Patxi Juaristi soziologoek. «Aierdik immigrazioa abiapuntu hartuta demografia, euskara edo kulturartekotasuna bezalako gaiak aletuko ditu, pixkanaka herri txikien errealitatera gerturatzeko», azaldu du Eizagirrek. Juaristik bere aldetik, tankera bertsuko hausnarketa egingo du, baina «enfasia geroan jarrita».
Mota honetako jardunaldiak antolatzearen garrantzia azpimarratu du amaitzeko Eizagirrek, «adituek egindako ekarpen horiek herri txikien errealitatera egokitzen jakin beharra daukagu. Herri txikietako biztanleak jabetu behar dira zein garrantzitsua den eureak ere euren kabuz gai hauei buruz hausrnatzea».













