Amiantoren eraginez hildako legazpiar baten seme-alabek 165.110 euroko kalte ordaina jasoko dute

Eibarko lan arloko epaitegiak erabakita, Patrizio Etxeberria lantegiaren ondorengo diren Sidenor eta CIE Legazpi enpresek eta Legazpiko Udalak ordainduko die dirua.

Eibarko lan arloko epaitegiak pleura minbiziaren eraginez hildako legazpiar baten familiari 165.110 euroko kalte ordaina ematera kondenatu ditu Patrizio Etxeberria lantegiaren ondorengo diren Sidenor eta CIE Legazpi enpresak eta Legazpiko Udala. Epaiaren arabera, lanean arnastutako amiantoak eragin zion pleura minbizia.

Legazpiarra iazko abenduan hil zen, eta haren seme-alabek aurtengo udan aurkeztu dute demanda Eibarko epaitegian, bi lantegien eta udalaren aurka, amiantoaren aurka prebentzio neurriak ez hartzea eta arriskuari muzin egitea argudiatuta. Amiantoaren eraginpean egon diren langileen Euskadiko Autonomia Erkidegoko zerrendan sartuta zegoen zendutako legazpiarra.

Eibarko epaileak onartu egin du demanda, eta demanda egileen aldeko epaia eman du. Horren arabera, demandatutako bi enpresek eta Legazpiko Udalak 165.110,33 euroko kalte ordaina ordaindu beharko diete bi seme-alabei, honela banatuta: % 1,99, hau da, 3.285,69 euro, Cie Legazpi SA eta Sidenor Aceros Especiales SL enpresek ordaindu beharko dizkiete, eta %98,01, hau da, 161.824,92 euro, Legazpiko Udalak.

 
 

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa