ZIENTZIA

Azaroa Zientziaroa zikloko azken hitzaldia, hiru goierritarrekin

Ostiralean izango da, 19:00etan Igartzako Jauregian. Naia Begiristain, Andoni Berbel eta Eider Sarasola izango dira hizlariak.

Naia Begiristain, Andoni Berbel eta Eider Sarasola.

Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoia elkarteak antolatutako Azaroa Zientziaroa amaitzera doa. Zikloko azken hitzaldia ostiralean izango da, 19:00etan Igartzako Jauregian, Goierriko hiru ikerlari eta ekintzaileren parte hartzearekin: Naia Begiristain, Andoni Berbel eta Eider Sarasola. Mahai-inguru formatuan egingo dute. Lurralde-garapeneko politiketan, biomedikuntzan eta digitalizazioan izandako ibilbideak partekatuko dituzte.

Naia Begiristain Komunikazioko tituluduna da, masterra du Nazioarteko Harremanetako eta Enpresa Diplomazian eta Doktorea da Herri-politiken sakontze demokratikoa praxian: kultura politiko berri baten eraikuntzarako kontzeptu esparru dialogikoa tesiarekin. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuan lan egiten du, lurralde garapenerako ekintza-ikerketa proiektuetan, batez ere lurralde ekonomia garapenerako herri-politiken kosorkuntzan.

Andoni Berbelek, berriz, Ingeniaritza biomedikoa ikasi zuen. Sistema biologiko konplexuak matematiken bidez aztertu zituen graduko ikasketetan, eta master bat egin zuen datu zientzian eta adimen artifizialean. Gaur egun, datu analista bezala lan egiten du Oncomatryx enpresan, ikasitakoa minbiziaren aurkako sendagaien diseinuan aplikatuz.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua eta Enpresa Berrikuntzako eta Proiektuen Zuzendaritzako masterra egin ditu Eider Sarasolak. Enpresa-berrikuntzaren arloan dabil lanean, prozesuen optimizazioan, digitalizazioan, automatizazioan eta proiektuen kudeaketan. Gaur egun, Lortek zentro teknologikoan lan egiten du, eraginkortasun operatiboa hobetzeko, eraldaketa digitala sustatzeko eta datuen analisian oinarritutako erabakiak hartzea errazteko ekimenetan.

Haien lana, esperientziak eta ibilbidea gertutik ezagutzeko eta galderak egiteko aukera izango dute ostiralean mahai-ingurura gerturatzen diren herritarrek.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa