EKITALDIA. Indarkeria matxistaren aurkako lehen garrasia, komunitatean
ORDIZIAKO AZOKA

Baratxuria, freskoa eta iritsi berria

Uliako Labea elkartearen Alacanteko laranjan ere berriak ziren, baita Azanzak salgai jarritako kalantxoe lorea ere.

Neguko giroa Ordiziako azokara ere iritsi da, lehen elurrak Aizkorriko puntetara iritsi diren bezala, eta gaur goizeko eguraldi hotz eta bustia horren lekuko, baita produktuen eskaintza ere. Euskal Herriko odolki lehiaketaren inguruan sortu den usainak ere neguko garaiak iradoki ditu.

Plaza Nagusiko postuetan udatik datozen produktu gutxi batzuk geratzen dira oraindik, tomatea, piperrak edo berenjena bezala, baina ozen esan daiteke udazken-negukoak nagusitu direla dagoeneko. Era askotako kuiak, tamaina handiko azak, azaloreak, brokoliak, romaneskuak, indaba, sagarrak, boniatoa, perrexil hezea, ziazerba… Badirudi ez dela ezer falta.

Hala ere, tarteka iristen da produktu berriren bat feriara, eta gaur ere horrela gertatu da. Baratxuri freskoa izan da gaurko berritasun nagusia, eta Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek jarri dute salgai, sorta 2,5 euroan.

Laranjak ere berriak izan dira gaurkoan, baina urrutiagotik iritsi dira. Uliako Labea elkartearen postuan jarri dituzte salgai, kiloa 2,5 euroan. Alacanteko Orihuela herrian duten komunitatetik zuzenean ekarritakoak dira.

Loreak ere neguari begira jarrita daude, eta Gabonak gerturatzen ari diren honetan oraindik Pazko lorea falta den arren, kalantxoea aipatu behar da, gaur goizean berria zelako Azanzaren postuan. Txikia 3,5 euroan du salgai, eta handia 6,5 euroan.

Perretxiko eta landare berriak
Eguneko beste berritasunak mikologiaren atalak eman ditu, perretxiko berriak iritsi direlako. Batetik, Altzagako Arantxa Lopetegik bi kilo tripaki jarri ditu salgai, kiloa 15 euroan, baita lau kilo gibelurdin ere, kiloa 25 euroan, guztiak Otsaurte aldean bildutakoak. Bestetik, Barcinaren postuan bi kilo kardu perretxiko ere jarri dituzte salgai, kiloa 22 euroan.

Perretxiko horiez gain, Lasak eta Barcinak eskainitakoa batuta, 90 kilo onddo (20-42 €), 26 kilo ziza hori (28-33 €), 30 kilo niskalo (25-26 €), 5 kilo saltsa perretxiko beltz (20-30 €) eta 4 kilo mendiko angula (19 €) ere izan dira gaur salgai. Aipagarria da Lasaren postuan salgai jarri duten onddo puska, 2 kilo eta 250 gramo pisatzen zuena. Barcinarenean ere baziren tamaina handiko piezak.

Landareen atalean, azkenik, Montes ere hasi da ilarrarenak saltzen (0,25 €), eta borraja eta ziazerba (0,10 €) ere baditu, nahiz eta garai honetan tipula zuria den gehien saltzen dena (ehunekoa 4 euro).

Bisitariak
Debak irabazi duen odolkien lehiaketak ohikoak ez diren bisitariak erakarri ditu goizean Ordiziara, eta Azaroaren 25aren inguruan antolatutako manifestazioak eta bestelako ekitaldiek ere izan duten oihartzuna azoka inguruan.

Baina D’Elikatuz zentroak ere izan ditu gaur taldeak: batetik, Tolosako Osoki ikastetxeko ikasleek osatutakoa, eta bestetik, Gipuzkoako Elizbarrutiko Kartzela Pastoralarekin etorri direnena.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa