Azaroaren 25a iruditan
MUSIKA

Hausnartzeko gonbidapena

Anker metal taldeak larunbatean kaleratuko du hirugarren diskoa, ‘Hausnartu’ izenburuarekin. Lan berriaren aurrerapen gisa, Elbereth taldea omentzen duen ‘Omendu’ abestia entzungai dago dagoeneko. Anker Durangoko Azokan izango da, eta diskoa urtarrilean aurkeztuko du Legazpiko Gaztetxean. Oxida taldeak, bestalde, lehen lan luzea kaleratu du, 'Absolucion' izenburuareki.

Anker taldea: Eneko Altzelai, Joanes Legarda-Ereño, Aimar Ibarzabal eta Jon Unzurrunzaga. ANKERAnker

Azaroaren 28an, larunbatarekin kaleratuko du hirugarren diskoa Anker musika taldeak. Taldekideek azaldu dutenez, «Espainiako Gorteetako hauteskundeen bezperan, hausnarketa egunean, ikusiko du argia gure lan berriak, Hausnartu izenburupean». Subeltzako estudioan grabatu duten lan luzea da. Ilun Pro etxearen eta taldekideen artean egindako grabaketa da, eta Doctor Master etxean masterizatu dute, Estanis Elorzak gidatuta.

Anker 2019an Brinkolan sortutako metal alternatiboko taldea da. Gaur egun, Jon Unzurrunzaga, Aimar Ibarzabal, Eneko Altzelai eta Joanes Legarda-Ereño dira kideak, eta azken asteetan lan berri honen grabazio eta promozio lanetan ibili dira murgilduta. 

Promozioa egiteko, makina bat bideo labur eta iragarki argitaratu dituzte sare sozialetan, eta azken argitalpena aste honetan bertan egin dute, disko berriaren aurrerapena den Omendu abestia aurkezteko. Diskoaren introa da, eta Legazpiko eta Urretxuko lau musikarien erreferente izandako Elbereth talde legazpiarrari egindako omenaldia, dagoeneko desagertuta dagoen bandaren abesti batzuen pasarteak elkartuz sortutakoa. Omendu entzungai dago Ankerren Instagram, Facebook eta Youtube kontuetan bideo eta guzti.

Omendu introarekin batera, beste bederatzi lanek osatzen dute Hausnartu. 

Disko kontzeptuala
Bandaren hirugarren lan luzea da Hausnartu, eta hurrenez hurren 2021ean eta 2023an kaleratutako Gizagaitza eta Lurperatutako istorioak diskoen atzetik dator. Hirugarren lan hau «berezia» dela diote lau musikariek, «alde batetik, metal doinuei eta euskaraz abesteko hautuari eutsi diogulako, eta bestetik, disko kontzeptuala delako, hau da, abesti guztiek elkarrekin lotura dute, eta osotasun baten parte dira».

Diskoaren ardatza «norberak eragindako edo bizitzan zehar jasandako ezbeharrei aurre egiteko dituen erantzun eta jarrera desberdinak» osatzen dute. Aurreko bi diskoetan, kritikaren fokua kanpoan jarri zuten, eta «gizartean eta sisteman gertatzen diren bidegabekeriei eta zorigaitzei» erreparatu zieten. Oraingo honetan, ordea, «barrura begiratzeko gonbita» egiten dute, «autokritika eginez, eta norberaren ahuleziak aztertuz». Hori guztia «ikuspegi eraikitzaile» batetik planteatzen dute, «norberaren akatsetatik ikasi eta aurrera egiteko mezua zabalduz».

Horrez gain, abestien hurrenkera ez dela kasualitatea diote. Izan ere, diskoaren hasieratik amaierara, «gaiek eta izenburuek bilakaera bat erakusten dute, garapen positibo eta koherente bat osatuz. Horrela, abesti bakoitzak bere esanahia du banaka, baina guztiek batera hartzen dute benetako zentzua».

Sorpresaz beteriko lana
Aurreko lanetan bezala, oraingoan ere hainbat sorpresa izango direla iragarri dute. Bideoklipak bidean dira, makina bat erreferentzia jasotzen ditu lanak, kolaborazio garrantzitsuak ditu, eta eta bestelako berritasunak ere erakusten ditu.

Diskoak larunbat honetan ikusiko du argia, eta ohiko tokietan jarriko dute salgai, baita Durangoko Azokan ere, Anker bertan izango delako Musika Zuzenean kolektiboaren mahaian, oraindik data zehazteke badute ere.

Aurkezpen ofizialerako data bai, hori zehaztuta dute, eta urtarrilaren 29a izango da, Legazpiko Gaztetxean egingo duten kontzertuan. Ondoren, bira abiatuko dute.

‘Absolucion’, Oxida taldearen lehen albuma
Oxida taldeak ere kaleratu du albuma berriki. Absolucion du izena, eta 2023an argitaratu zuen No encontrareis sentido al caos EP-aren jarraipena da. Absolucion interneten dago entzungai eta salgai, eta binilo formatoan ateratzekoak dira.

Taldekideek azaldu dutenez, disko honek «murgiltze bat proposatzen du izakiaren presondegiaren kontzeptuan, gaurko izakiak jasaten dituen alienazio, autosuntsiketa eta nortasun galera esploratuz». Gizarteak ezarritako presioa, kontsumismoa, gehiegikeriak, bakardadea, dekadentzia eta itxurakeria bezalako gaiak jorratzen ditu.

Oxida 2022an sortu eta rust’n’roll musika mota da jotzen duen taldea da. Subeltzan du egoitza, eta Urko Ventureira abeslariak, Julen Albizu bateria jotzaileak, Imanol Perez eta Ariz Mendikute gitarra jotzaileek eta Xabier Etxeberria bateria jotzaileak osatzen dute.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa