
Euskarazko irakurzaletasuna zabaltzeko eta Aizkorpe bailarako biztanleei euskaraz bizitzeko aukera berri bat emateko helburuarekin, Berria Taldeak gaur hasita, kanpaina berezia egingo du datozen 15 egunetan, Ampo enpresak babestuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horrela, Aizkorpe bailarako bost herrietako (Idiazabal, Segura, Zegama, Zerain eta Mutiloa) bizilagunek 15 egunez doan jasoko dute euskarazko prentsa. Egunero, astelehenetan izan ezik, Berria egunkaria; asteartetik ostegunera, Berriarekin batera, Goierriko Hitza; ostiraletan, Berria, Gipuzkoako Hitza eta Goierriko Hitza eta abenduaren 17an (ostirala), ostiraletako eskaintzarekin batera Goierritarra aldizkaria. Gaur egin dute kanpaina horren aurkezpena Idiazabalen, Berriako, Hitzako, Ampoko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Aizkorpe bailarako herrietako alkateek. Juan Mari Larrarte Berriako kideak aipatu du euskarazko hedabideen zabalkundeari eta garapenari begira, oso zaila egiten zaiela herritarrengana iristea. ”Euskarazko hedabideok asko sortzen dugu eta gauza ugari egiten dugu, baina gero, horiek jendearengana eramatea zaila egiten zaigu askotan, erdarazko merkatu zabal baten barruan bizi garelako eta horren barruan toki bat egitea kosta egiten delako. Zaila egiten zaigu besteak beste, baliabide falta eta diru premia handiak izaten ditugulako normalean euskarazko hedabideok”. Hausnarketa horren haritik, erabaki zuten Aizkorpe bailaran kanpaina berezi hori abian jartzea eta beraz, herritar guztiengana iristeko ahalegina egitea. 15 egunez etxe guztietan euskarazko prentsa doan banatu eta produktu horiek guztiak herritarrei [...]

