Garagardo txuria, horia, gorria, iluna, beltza, alkoholik gabea eta aurten, aurrenekoz, zeliakoek edan dezaketen garagardoa dastatzeko aukera izango da Ordizia Rugby Elkarteak antolatutako XII. Garagardo Ferian. Gaur arratsaldean, 18:00etan, zabalduko dute feria Beti-Alai pilotalekuan, eta gauerdian itxiko dute. Bihar eta etzi ordutegi bera izango du, baina igandean 13:00ean irekiko dute eta 23:00etan itxi. Jaian, gainera, bazkariak ere emango dituzte antolatzaileek. Ekonomiarentzat ez dira garairik onenak, eta azokara hurbiltzea da, antolatzaileek diotenez, herritarrek Ordizia Rugby Elkarteari laguntzeko duten modurik eraginkorrena. Txerri ukondoa, saltxitxak, oilaskoa, kalitate goreneko 28 garagardo marka, postreak eta kafea. Ohiko eskaintzari eta egiturari eutsiko dio aurten ere garagardo feriak, eta berritasun nagusia prezioetan dago: garagardo pitxarrak lau euro balioko du, eta menu osoak 25 euro. Garagardo aukera ere zabaldu egin dute, eta iazko 26 marketatik aurtengo 28ra pasa dira. Haziz doan topalekua Aitor Araña klubeko presidenteak ondo gogoan du nola hasi ziren feria antolatzen: «Klubak dirua behar zuen, eta horretarako hasi ginen antolatzen. Ordura arte Donostian eta Tolosan soilik antolatzen zen, eta gu izan lehenak ekitaldi hau Goierrira ekartzen». Arañak nabarmendu du borondatezko lana ezinbestekoa dela feria egin ahal izateko: «Kadeteak eta jubenilak muntaian aritzen dira, eta haien gurasoak, talde nagusietako jokalariak eta hainbat zaletu garagardoa eta janaria [...]
Orain dela dozena bat urte Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritzak klubarentzat dirua lortzeko garagardo azoka bat antolatzea erabaki zuenean, inor gutxik pentsatuko zukeen urteen joanean horrelako arrakasta izango zuenik. Gaur iluntzean hasi eta igande gauera arte iraungo du XIII. Garagardo azokak, eta urteak aurrera doazen heinean, garagardo kopurua ere gora doa: 29 egongo dira aurten aukeran. Horrez gain, eta berritasun modura, Sasietak edukiontzi marroia, horia eta berdea jarriko ditu pilotaleku atarian birziklapena sustatze aldera. Ordutegian ez da aparteko aldaketarik egongo. Gaur, bihar eta etzi 18:00etatik 00:00etara egongo da zabalik azoka, eta igandean eguerdiaz geroztik zabalduko dute, nahi duenak bertan bazkal dezan. Prezioetan ere ez dago aldaketarik. Garagardo pitxarra 3,5 euroan salduko dute, eta menua 25 euroan (lehen platera, bigarrena, edaria, postrea eta kafea). Bazkide egiteko aukera Klubeko kimuak eta jubenilak aritzen dira azpiegitura muntatzen, eta talde nagusikoak arduratzen dira edaria eta janaria zerbitzatzeaz, guraso eta zale ugariren laguntzarekin; denera 150 lagun inguru. «Gizartean aditzen diren arazoak gurekin ahaztera gonbidatzen ditugu zale eta bazkide guztiak, eta bide batez aurtengo lorpenak ospatzera», esan du Aitor Araña presidenteak. Bazkideak aipatuta, zuzendaritzak gogoratu du aurtengo azokan ere urteko bonoa egiteko aukera izango dela. Superkopako finala, Kopako partidak eta ligako 22 partidak –aurten 12 talde ariko [...]