'Escrache'-a egin dute Zumarragan, Kutxabanken
Kapitalaren kontra, ekintza zuzena leloa oihukatu zuten atzo Zumarragako Iparragirre hiribidean kokatuta dagoen Kutxabanken bulegoan egin zuten escrache-an. Hamabiak eta erdiak pasata hainbat lagun sartu ziren bulegora –argazkian bulego barruan protestan–, eta beste batzuk kanpoan geratu ziren pankarta bati heltzen. Kutxabankek Hego Euskal Herrian beste kutxek zein bankuek baino desjabetze gehiago egin dituela salatu zuten; arma produkzioan 9 milioitik gorako inbertsioak izatea ere egotzi zioten finantza erakundeari. Banatu zituzten esku orrietan informazio hori eta gehiago zegoen. Ekintzara gero eta jende gehiago bildu zen, eta amaieran 30 lagun inguru zegoen protestan. Ertzaintzaren bost patruila bertaratu ziren, baina istilurik ez zen egon.













