Aralar esperoan
Gorka Garmendia eta Luis Mari de Juan ordiziarrek, Enirio-Aralar parke naturaleko kudeaketaren inguruan bidalitako idatzia.
Urtarrilaren 31tik maiatzaren lehena bitartean, Aralarren ezinezkoa da ganadua egotea. Horrela, hiru hilabeteko atsedena hartuko dute bertako larreek eta larrei eusten dieten lurzoruek, Enirio-Aralar Mankomunitatearen aurreko agintaldiko kudeaketa tamalgarriari esker, beste denboraldi batean gehiegizko ganadu karga jasan ondoren. Mankomunitatearen egitekoak indarrean dauden arau eta legeek ezarrita dituzte.
Aralarko ganaduaren kudeaketa Naturgune babestuaren kontserbazioarekin bateragarria izatea ezartzen du legeak eta horretarako bidea erakusten du: Larreen Antolamendu Plan (LAP) bat izatea hain zuzen ere. Mankomunitateak bere azkeneko batzar orokorrean aurkeztu zuen LAPak, profesional talde batek landutakoak, erabateko harrera txarra izan zuen lehen sektorearen aldetik, alderdi bateko interesak islatzen zituela egotziz, baina sektore horretako bozeramaileek ez zuten LAParen kontrako posizioa argudio teknikoekin justifikatu, ez eta aurrera egiteko proposamenik aurkeztu. Behar-beharrezkoa den arren abeltzainen iritzia kontuan hartzea eurei eragingo dieten erabakietan, berauek ezin dute ahaztu Aralar Naturgune Babestua dela, babes hori bermatzeko legeak dituela, lege hauek interes orokorra jasotzen dutela eta, ondorioz, lehen sektorearen interes partikularrak gainditzen dituela. Euren eskaerak Aralarko araudiaren kontra badoaz, Mankomunitateak ez ditu inolaz onartu behar, inor ezin baita jarri legearen gainetik.