Atez atekoari buruzko bileretan parte-hartzea
Agurtzane Lasa (Lazkao Birziklatuz plataformaren izenean)
Atez ateko sistemari buruz informatzeko Lazkaoko Udalak egingo dituen bileretan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak Lazkaoko atez atekoaren aurkako eta bosgarren edukiontziaren aldeko Lazkao Birziklatuz plataformak. Bilerak gaur hasi eta uztailaren 10era bitarte izango dira.
Esan behar dugu, baita ere, «San Prudentzio festak pasa ondoren» alkateari eskatutako bilera egiteko zain gaudela oraindik. Ateak itxi dizkigula uste dugu. Bai erantzun zaigu otsailean eta martxoan udaletxean idatziz egindako eskaerei. Aurreko astean jaso dugu erantzun hori, bileren egutegiarekin etxez etxe banatutako propagandarekin batera.
Gainera, bileren liburuxka honetan, zeharka, «desinformatzea» eta «beldurra sortzea» leporatzen zaigula ulertzen dugu.
Gure eskaerek eta lazkaotarren artean jasotako 1.764 pertsonen sinadurek mespretxua besterik ez dute jaso. Hala ere, udalak antolatu dituen bileretan parte hartzeko deia egiten dugu, atez atekoaren aurrean dugun iritzia emateko besterik ez bada ere.