Beasaingo EAJ-PNV, aurrekontuen eta udal tasen inguruan
Urrian gaude jada eta urtea bukatzerako 2015ean izango ditugun tasa eta zerga berriak onartu beharko dira.
Beasainen, EAJ-PNVren udal taldeak, datorren urteko tasak eta zergak bere horretan mantentzea proposatzen du, igoerarik gabe.
Horrez gain, alokairua, etxebizitzen birgaitzea, merkataritza eta enplegua sustatzearren, hobarien zenbatekoak gehitzea proposatzen du.
Hauek dira proposamenak xehetuta:
OHZ –Gaztelaniaz IBI– (Etxebizitza): bizigune edo antzeko programen bidez alokatzen diren etxebizitzei, hobaria gehiengo ehunekoan mantentzea proposatzen du.
EIOZ –Gaztelaniaz ICIO– (Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zerga): honako
hau gehitzea proposatzen du «…etxebizitzak birgaitzeko Eusko Jaurlaritzako 2013-2016 Renove Planak, 29-12-2006 eta 23-11-2011 ordenen arabera onartu eta hobaritutako etxebizitza birgaitze obrei».
Komunitateek zein partikularrek egindako obrei dagokie, adibidez: iturgintza lanak, lehio aldaketak, hotsetatik eta termikoki isolatzeko obrak, suteen aurkakoak, instalakuntza elektrikoak, dutxak bainuontziaren ordez jartzea, igogailuak edo berogailu instalakuntzak.
Tasak: %50eko hobaria edo tasaren gutxitzea proposatzen du saltokien irekiera lizentzia eta jarduera txostenetan, zehazki merkataritza eta hostalaritza eskaintza hobetzeko direnak.
Hirigintza lizentziak: %50eko hobaria edo tasaren gutxitzea proposatzen du, merkatari eta hostalaritza saltokietan obren bidez beren eskaintza hobetu eta jarduera ekonomikoa gehitzeko direnak.
Zaborrak: 5. edukinontzia erabiltzeagatik, %20ko hobaria mantentzea proposatzen du. Aldiz, %20ko igoera proposatzen du, birziklatzen ez duenarentzat. Horrela, birziklatzen duenak 80€ ordaintzea proposatzen du eta erabiltzen ez dutenek 120€.
EAJ-PNVren udal taldeak, udalean aurkeztutako proposamena argitaratzen du, beasaindarrak zuzeneko informazioa eduki dezan. Halaber, eajpnvbeasain@gmail.com posta elektronikoa guztion eskura ipintzen du, nahi duenak, proposamenak helarazi ditzan.
Beasaingo EAJ-PNVren udal taldea.