Beasaingo preso ohien gutuna, Sagardo Egunaren harira
Zorionez aurten Beasainen preso gutxiago baditugu ere, beste horrenbeste herrikidek espetxeetan giltzapeturik jarraitzen dute. Gure laguntza eta babesa behar eta merezi duten lau beasaindarrek, hain zuzen ere.
Hauek sekulako beharrizan ekonomikoak dituzte preso izate hutsagatik. Besteak beste, dispertsioaren ordain diren bidaia amaiezinek presoen senitarteko eta lagunei eragindako gastu izugarrietatik aparte, hileko asignazioa bere senideentzat karga bat gehiago ez izatea, euskal errealitatea gertutik jarrai dezaten bertako prentsara harpidetza, asistentzia juridiko eta prozesu judizialei lotutako gastuak edota presondegiak beregaian hartzen ez dituen osasun zerbitzuari dagozkion kostuak.
Bataz beste, behar ekonomikoa asetzeko urtero 3.000 euro inguruko diru laguntza behar izaten du preso bakoitzak. Beasaindarrok, beraz, lan asko dugu egiteko herrikideei ezertxo ere falta ez dakien.
Ez da lan hori egiten dugun estreinako aldia izango. Herri honetan lagun ugari burubelarri jardun dira zeregin horretan. Guk bereziki eskertu dugu aipatu laguntza, testu hau izenpetzen dugun guztiok ere preso ohiak izaki. Baina, zoritxarrez, oraindik ere lagun askoren gastuei aurre egin beharrean gaude. Horretarako, herri ekimena giltzarri izango da beste behin ere.
Horren jakitun, denon artean Mikel, Lierni, Iban eta Josetxori dagokien babes sozial eta ekonomikoa eman diezaiegun, jarraian aipatuko ditugun ekimenetan parte har dezazuen dei egiten dizuegu:
- Maiatzaren 17an Sagardo Eguna ospatuko da plaza azpian.
- Beasaingo festetan, berriz, presoei elkartasuna emateaz arduratuko den txozna hor izango da. Bestalde, urteroko bilakatu den usadioari jarraiki, koadrila egunean 600 lagunentzako herri bazkaria egingo da plaza azpian. Aurten ekainaren 2an ospatuko da.
- Behin uda pasata, irailaren 25, 26 eta 27an Garagardo festa egingo da. BKLren testigantza hartu ondotik.
- Azkenik, Gabonak ere probestu beharko ditugu presoei eta iheslariei elkartasuna adierazteko.