"Beraien gustukoa ez denean, galarazi"
Iñigo Errasti (kontzertuen antolatzaileen izenean). Lazkao.
Lazkaon antolatu diren kontzertu batzuen aurka Lazkaoko EAJ-PNVko agintari batzuek hartu duten jarrera salatu nahi dugu.
Lazkaoko Udalak EAJ-PNVren eskutik jaso dituen presioen ondorioz, Lazkaoko gazte talde batek antolatu dituen kontzertuak azkeneko momentuan lekuz aldatzera behartuak izan gara, horrek ekarri dituen arazo eta kostu guztiekin.
Duela bi aste, bere burua demokratatzat duten zenbait herritar udalera eta ikastolara joan ziren Lazkaoko kiroldegian egiteko ziren kontzertuak bertan behera uzteko eskatuz, antza denez, ez baitziren beraien gustukoak, eta bertan abesten ziren abestiak eta antolatzen duen jendea eta ikustera hurbiltzen den jendea umeentzako eredu ez direla argudiatuz. Horrek erakusten du beraiek hainbestetan eskatzen duten besteekiko errespetua nola betetzen duten.
Guk garbi daukagu ez dugula inoren eredu izateko intentziorik, eta ez diogula inori inolako balorerik inposatu nahi, bakoitzak berez kabuz pentsatzeko eskubidea duela ulertzen baitugu. Ikusten denez zuek ez duzue berdina pentsatzen.
Bestalde, kiroldegiko kontzertuak burutzea galarazteko joko zikina erabili duzuela uste dugu. Orain arte, zuek boterean zeundeten bitartea hamarka ekitaldi baimendu dituzue kiroldegian, legez egin ezin zitezkeela jakinda, eta, orain, zuek alkatetzan ez zaudetenean eta dena kontrolpean ez duzuenean, gure aurka jotzeko eta aurkari politikoari erasotzeko trikimailu zikina erabili duzue.
Guk onartzen dugu kiroldegian ezin dela inolako aktibitaterik antolatu, zuek salatu duzuen bezala. Orain, galdera batzuk: hemendik aurrera ezingo dira era ezberdineko ekitaldi kulturalik burutu? Ezingo da umeentzat puzgarririk, ez San Boskoko ekitaldirik, ez udan umeentzako antolatzen diren kirolik, ez futbitoko 24 orduko txapelketarik… antolatu? Edo, zuek, herriaren jabe sentitzen zareten horiek, erabakiko duzue zer egin daitekeen eta zer ez?