Iñaki Bastarrika • Idazameslaria
Burdinaranean jaiotzea ez genuen aukeratu, hala gertatu zen. Urte batzuk pasa dira. Orain hilabete inguru geltoki ondoko terraza batean Loreak Zaraman liburuaren idazleari eta Susan Abedul irakasleari basauriarra naizela esan nien. Basoan dagoen hurikoa, ez baserritar ez hiritar, burdinaranekoa, zorionez eta zoritxarrez. Goratzarre degiot behiari, goratzarre Arriaga antzokiari. Biak ditut urrun antza, baina.
Orain hogei urte lainopeko haranera joaten ginen, poz-pozik. Hango zuritoak! Ez genuen gehiago behar, hertzainaken abestiren bat. Soinean ez geneukan Jexux Eskorbutoren txupa, ezta Gurberry jaka ere. Batzuetan bera agertzen zen, ile liso luze eta begi urdin-urdinekin. Liluratuta geunden lainopeko Z-rekin, zzzzzuritoa! Eta hikarekin. Zubipeko herria beti duin: ziklo krossa, autobusak, karlistak eta liberalak, eta gaur egun, alkate jator nik hain miretsia.
Burdinarana Goikoan pubeko wonderfulwoman mitikoa ere ez zen nolanahikoa. Gameron Diaz, Julitaroberts, Itziar Atienda, Nerea Armendia, alper-alperrik zabiltzate. Garai hartan zuritoak irribarre goxo atsegin batekin ateratzen zituen. Liluragarria zen. Newold Tiff-en , wonderfulmani egundoko neska multzoa hurreratzen zitzaion. Alperrik zabiltzate, Aitorrozio, Xabialonso, Nespresso, Brad’Angelina.
Duela urte batzuk modan jarri zen «euskal hiria», eta hau da gutxi gorabehera: Euskal herritar guztiok, 3 milioi lagun inguru, eta gure lurraldeok, hiri bat eta bakarra eratzen dute edo dugu, hau da, gure hondartza guztietako urak Kantaurikoak direla esatea bezalatsu. Esate baterako, berdin da Indautxun egotea, Labeaga kalean, Arrotxapean, Serantes mendian, Arabako Arkaia herrian, Baionako portuan, edo Lizarrustiko aterpetxean. Dena da EUSKAL HIRIA. Berdin da euskal hiria Elorriagako baserrian eta Iruñeko Sarasate pasealekuan. Gaztetxean bezala jatetxe dotorean, tailerrean bezala ezkontzako banketean. Dena da euskal hiria.
Hau oso ongi etorri zitzaidan niri, izan ere Uribao aldean nenbilen HIRIAren bila, han zerbait edo norbait izango nintzelakoan. Mo Oihua plazan gehiago nintzelakoan, Caston hotelari begira, eta han Aguirre lehendakaria irudikatuz buruan (hura bai lehendakari artista, mozorrotuta Europan zehar batetik bestera!). Baina alfer-alferrik. Carola gruak ez zidan eragin Pasaiako garabiek baino zirrara handiagoa, eta Pasaiako txatarrak ere ez nire etxe aurrean egunero deskargatzen duten txatarrak baino lilura hobea. Poliki-poliki etxera itzuli nintzen. Gauza bertsua jazojatan Jarauta aldean ere. Ibili-ibili bai, baina nork bere lekua aurkitzea, nork bere burua ezagutu eta maitatzea, ez dela hain erraz egiten, ez horixe.
Azkenean neure gelan aurkitu nuen neure aberria, neure hiria eta euskal hiria eta mundu hiria ere bai. Geroztik lasai hartu ditut gauzak. Patxadaz. Mahats Zain baserri aurreraino paseotxo bat egiteak Brooklynen paseatzeko inbidia kentzen dit, eta are gehiago Patziku Perurenaren Harrizko pareta erdiurratuak liburu zoragarria irakurrita. Mihuraz, oteaz, txantxangorriaz, mintzo da liburu horretan, eta azken hamar urteotan irakurri dudan lanik gustukoenetakoa egin zait. Ai, Ziutatea!
Santa Lucy feria pasa berri dugu, eta hor bai, hor ikusi dut euskal hiria, peto-petoa.
Horko giroa, erosketa eta agurra, eta egurra (hurritzezko makilak). Marifran margolari eta antzezleak bigarren etxea duen Elai Urkizti aurreko postu batean Karim izeneko bati txamarra bat erosi nion. Karim beltzari bere jatorriaz galdetu nion: Senegal. Eta ondoren txamarraren jatorriaz: Nepal. Earki, dana burdinaranakoa, martintxoak bezela. Alboko ilaran perutar bat zegoen eta haren salgaien kaxak hau zekarren idatzita: Murcia, made in china. Hau al da euskal hiria?
Ba, bai. Hau bai da nire gustuko euskal mundu hiria. Euskal hiria urtean behin bakarrik edo gutxitan da gurean (gazta, fosil & mineral, tren, ertaro, errezil sagar, loraparty). Oi, burdinaren harana, non hago eta nora hoa! Zer haiz?
Euskal hiria, euskal hiria, Arrotxapean bezala Oliteko Villavieja mairu kutsuko kalean, eta Koartangoko Zuhatzun, eta Aramaioko Oletan, eta Urdiñarben. Eta Pagasarri gainean. Cruz de Gorbea gaseosaren iragarkiek ezaguna egindako mendian. Pentsa, nire euskal hiria, behin Caramelo izeneko mendi bat zegoela Bilbon esan zidaten, eta ez nien sinestu, barre egin nuen.
Gaur amets labur bat egin dut bazkalondoko kuluxkan. Uribaoko Atxurdin nengoen geltokian, metroan, etxe aldera etortzeko asmoz, eguna Azkue Fun erakusketa ikusten pasata, Sanxyo auzoan. Joan naiz makinara billetea hartzera, eta ez du eman nahi eta ez du gura. Leihatilako neskari adierazi diot eta berak galde: Nora?
Eta nik: Billa de Realengo.
Eta berak: Billa de Realengo de Hurritz ala Billa de Realengo de Alava?
Eta nik: Bigarrenerako hobe nago kasik, baina gaur emadazu besterako. Etxekoak zain dauzkat.
Harritu egin naiz haren jakintza ikusita. Honela segitu du berak:
«Joan den astean egon ginen Bardoaren herrian, biltzar batean. Argentinako euskal diasporaren biltzarra izan zen, oso hunkigarria. Bostehun lagun bildu ginen. Nik osaba bat daukat Buenos Aires-en eta elkarrekin joan ginen. Azkenean Gernikako kantatu genuen. Hura zirrara!».
«Biltzar aretoko dendan Bardoaren gitarra zartzo baten erreplika bat erosi nuen ahizpari oparitzeko. Bilbon Ipagitarra horiekin jotako abestiak disko batean grabatu behar ditugu, gero Nevadan saltzeko. Iparragirreren aita konfiteroa zen eta horregatik Zugana Manuela izeneko pasta kaxa bat erosi genuen. Mausoleora joateko ez genuen astirik izan. Baina ikusi genuen Angela Kerexeta emaztearen omenez (Ameriketan utzi zuen bardoak txiro zortzi-bederatzi umerekin) jarri duten eskultura. Joxe Ary beti parragarri, beti egarri, baina artista zoragarri.
Datorren astean Le Gas Py herrira joatekoak gara, han Hizkuntza Eskola Mundiala zabaldu dute eta ikastaroak ematen dituzte asteburuetan. Hizkuntza hauek ikas daitezke Euskal Bähr gunean: arabiera, japoniera, txinera, kitxua, esloveniera, galegoa, errumaniera, hungariera, nederlandera, txinera, urdua,… Gainera alboan katalan kulturaren liburutegi eta disko bilduma ezin hobea jarri dute, euskal hiriko jendea hara doa Kataluniako zerbait jakin nahi duenean, eta baita urrutiagokoa ere. Orain bi aste Jordi Coca idazleak En caure la tarda liburua aurkeztu zuen bertan eta oso interesgarria izan zen. Uribaotik hamabost bat lagun joango ginen. Gorostidi abizeneko harrizko gizon batek esan zigun nola Paco Ibañezek Bartzelonan kontzertu bat eman zuen jendez gainezka zegoen aretoan, eta hau esan zuen: Muera el Barça, Visca Catalunya, futbolaren jainkotzearekin nazka-nazka eginda sobrare». (Hitz goierritarra azken hau, hitz goierritarrik bada).
Urtean behin gara euskal hiria. Urtean behin, bitan edo hirutan. Gainerako egunetan easotar bati gonbita egin eta: «ya hiría pero…» (artutrene-bernani-burnieta-olosa karnabales- gordicia feria estacion queso septiembre, eta hortik aurrera high lands, abentura: far west-Aizkorry Rocky Mountains, eta gero lautada eta gero Salamanca). «Non ote zionk hire herri koxkorra! Hik esaten dunk hire herriko tortilla pintxoak oso onak direla, baina kontu egizank ni Easoko parte zaharrekoa naizela, Jan Txo tabernaren gainean bizi naizela!!!».
Angela tiket saltzaileak azken galdera hau egin dit, txistekoa:
«Realengo apeaderoa ala Realengo estazioa? Irribarre egin diot bekainekin. Emakumezkoen Athletic taldeko Hernandez erdilaria asko etortzen da eta horregatik dakit».
Leloonoi ere inoiz argitxo bat pizten digu buruan Tilondoko Ama Birjinak.
Hauxe nire erantzuna, arrapostua edo ihardespena (gogoratu euskal hirian gaudela, Xiberüa barne, zerua zelüa esaten dute, parlez vous francaise?): «Realengo, sarrera Olategi. Hernandezek 2003an egin zuen debuta. Athletic Club 2- SV Neulengbach 0. Garaiera 1.60 metro eta 53 kilo. 1979ko maiatzan jaioa. Aupa euskal hiria!».
Bidaia erdi-lotan egin dut, izan ere tunelez tunel gatoz ilunpe batean. Halako batean, treneko bozgorailuak kolpetik itzarri nau: «Realengo hurritz, luze bezain mehar eta murritz». Hara, hara! Joder! Konfunditu egin naiz trenetik ateratzean, Olategi-Aparis geltokian jaitsi naiz eta ia kilometro daukat etxeraino. Uff! Egarri naiz oso. Ilun da eta dena itxita dago, taberna bat izan ezik: Underneath. Garagardo bat eskatu dut. Baztertxo batean Brush Espristing musikaria eta Naroa Agirre pertikalaria elkarrekin afaltzen. «The best steak I’ve ever tasted», esan dio Brushek tunnel of love aurpegiarekin. Amerikano hauek badakite bai ona bilatzen. Gustura ordaindu dut neure garagardo freskoa. Ostras. Dardarizoa. Sms bat bidali didate mugikorrera:
Ciao Inaki: Io sono disposto ad andare a valle il tuo ferro. Beh ho parlato organo concerto molto di a town (Ataun), il Aikur Museum e panini con uvetta nella frazione Haristyçabal. Inoltre, lei sarebbe farmi una foto al Plaza Lazkao Txiki Piccolo, insieme all’artista. Un bacio. Monica Belluci.
Miresten dut Le Gas Py herria, hainbeste irakatsi diguna. Hantxe bizi da ezagutzen dudan pertsonarik umoretsuenetako bat, Luixar gazduna. Haren umorearen hamarrenik ere ez daukat, eta hauxe erantzun dut soil:
Anch’io ti amo, Bellucci.
Ω
*Hitz-ostea: kontakizun hau jende berritzaileari eskaintzen diot, zerbait aldatzeko zerbait desberdin egin behar dela sinesten duen jendeari.