Dolarea Hotela: usain txarra duen zerbait egosten ari da
Miguel Angel Gonzalez (Beasain) •
2008ko erdialdera Iban Matek mesede bat eskatu zigun emazteari eta biori: 90.000 euroko kreditu bat eskatzea, bere ametsa finantziatzen jarraitu ahal izateko: Dolarea Hotela. Kutxara iritsi ginenean, Luis Nieto jaunak kreditua prestatua zuen (Beasaingo Kutxako zuzendaria zen; gaur egun bankutik kanpo dago eta Aseplan aholkularitzaren jabea da). Luisek eta Ibanek bi hilabetetan kreditu hori bertan behera geratuko zela hitz eman ziguten, Beasaingo Udalak onartu behar zuen dirulaguntza bati esker. Orduan udala Patxi Plazaola jaunak zuzentzen zuen, eta guzti honen jakinaren gainean zegoen.
Lau urte pasa dira harrezkero, eta orain, gure etxebizitza erosteko hipoteka eskatzerakoan, ezezkoa jaso dugu, arrisku handia duela argudiatuta. Iban Materen inbertsioei laguntzeko eskatutako 90.000 euro horiek direla-eta, zordun bezala agertzen gara, eta horretan oinarritu dira kreditua ukatzeko.
Kutxari irtenbide bat baino gehiago proposatu diogu, baina Kutxak ez du bat bera ere onartzen, eta badirudi Iban Matek ere ez duela lortzen Kutxak exijitzen diona betetzea. Beste modu batean esanda, inork ez du behar adinako esfortzurik egiten eragin diguten arazoa konpontzeko.
Hilabetea bukatzerako gure ametsa galduko dugu, baita diru kopuru handi bat ere, erostea hitz emanda genuen etxebizitzaren salerosketa kontratua ezin dugulako bete.
Alegia, EAJk lau izarreko
hotela nahi zuela Beasainen, kosta ala kosta, eta gure zorpetzeko ahalmenaren kontura
lortu zuen. Horrek kinkan jarri ditu gure ametsa eta gure familiaren aurrezki apurrak; emandako hitza ahaztu dute.
Dirudienez, egia da; beraien soldatarekin bizi diren, eta defendatzeko baliabiderik ez duten pertsonak eta familia xumeak gara egoera pairatzen dugunak. Eta politikariak, bankariak eta negozio gizonak dira euren nahi guztiak gauzatzea lortzen dutenak, euren azpikeriek nori eragingo dioten kontutan izan gabe; ezta eragiten dituzten babesik eza eta galerak ere.