Emakumeen aurkako indarkeria: Zero tolerantzia
Beasaingo Udalak, atzo, urriak 15, asteazkena, herrian izandako eraso sexistaren aurrean bere gaitzespena eta salaketa adierazi nahi du. Honekin batera, elkartasuna adierazi nahi dio Udalak erasoa jasan duen emakumeari zein bere hurbilekoei.
Eraso sexista Jose Migel Iturriotz kale inguruan izan zen atzo arratsaldean. Gizonezkoa atxilotu egin zuen ertzaintzak.
Instituzioek ardura berezia dugu genero-indarkeriatik eratorri litekeen edonolako eraso edo jazarpenen kontrako neurriak hartzen: emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politiketan jarrera aktiboa izanez, politika integral eta koordinatuak osatuz, edota prebentzio edo sentsibilizazio mailako neurriak hartuz; baina instituzioetatik haratago, jendarte osoak du, dugu, horri aurre egiteko eginbeharra.
Bestalde, genero bereizketatik eratortzen den edonolako eraso, giza eskubideen urraketa onartezina da, eta zentzu horretan, beharrezkoa da jarrera eta joera horiek salatzea, biktima izan dena bakarrik sentitu ez dadin batetik eta genero-indarkeriaren biktima bat gehiago ere egon ez dadin, bestetik.
Azkenik, Beasaingo Udalak bat egiten du bihar, urriak 17, ostirala, arratsaldeko 19:00etan San Martin plazan Asmubek deituriko elkarretaratzearekin, eta herritarrei dei egiten die elkarretaratzean parte hartzera.
Beasaingo Udala