Erantzunaren zain jarraitzen dugu
Javier Iraeta (EAJ), Oscar Valbuena (PSE-EE) eta Arantza Arizmendi (H1!).
Osoko bilkura batetik alde egitea gertaera larria da, herritarrei azalpen bat ematea merezi duena. Apirilaren 24ko osoko bilkuran, alkateak urgentziaz eta aldez aurretik inolako jakinarazpenik eman gabe, hondakinen kudeaketari buruz Zero Zabor taldearen mozio bat sartu zuen eguneko gai ordenean. Osoko bilkurara mozio hau eramatean, oposizioko alderdiok, EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek, 10 minutuko atsedenaldia eskatu behar izan genuen, gai aztertu ahal izateko.
Zero Zabor-en mozioa bertan behera uztea eskatu genuen, urgentzia herri galdeketak atez atekoaren aurka eman duen emaitzen gainean alkateak eman beharreko erantzunak duela uste dugulako. Udal gobernuak pasa den astearterako deituta zuen prentsaurrekoa, bere iritzia publiko egiteko; baina bertan behera gelditu zen, barne-hausnarketa egiten ari zirela argudiatuz. Udal gobernuari erantzun bat eskatu diona plataforma izan denez , errespetuagatik eta polemikak saihesteko, osoko bilkuran ez genuela gaia aterako jakinarazi genion alkateari. Hala ere, mozioarekin aurrera jarraitzeko erabakia berretsi zuen.
Osoko bilkura berrabiarazita, mozioaren urgentzia ez genuela bozkatuko jakinarazi genuen, eta jarraian, oposizioko alderdiok osoko bilkura utzi genuen. Deigarria da, Zero Zabor taldearen mozioa eztabaidatzeko urgentzia egotea, eta ez herritarren nahiari erantzun bat emateko. Lotsagarria da.
Paradoxikoa da, Zumaian edo Elgetan Legazpiko herri galdeketak bilketa sistema berriz pentsatzeko bidea ireki duen bitartean, legazpiarrek zer gertatu behar den, oraindik ez jakitea.