Euskara eta Beasaingo Udala
Aitor Larburu • Beasaingo Udal Gobernua Beasaingo Udalari era inpertsonalean zuzendutako gutunean, euskararen erabilpenaz kezkatuta idazten du Aldasorok. Kezka konpartitua da udalaren gehiengoaren aldetik, nahiz eta jakin zinegotzi eta alderdi batzuen kasutan justu kontrako sentsazioak ere badaudela. Zoritxarrez guztion ondarea behar lukeen hizkuntzak zuzenean jasotzen dituen erasoez gain, baditu zeharka euskararen aldekoon aldetik ere pairatzen dituenak, eta horretan ez gara inor salbu. Eta egoera hauek zuzentzeko ezer baino lehen akatsak egin ditugula onartzen dugu. Onartzen dugu ez dugula lortzen administrazioa euskalduntzeko behar adina borondatezko konpromisorik. Eginkizun horretan dagoen araudiak akatsak izan arren, ez ditugula erreparatzen eta ondorioz administrazioaren funtzionamenduan etengabeko zuloak sortzen direla euskararen produkzioan eta erabilpenean. Horrek akuilu lana dakar, eta Aitorrek dion bezala bi begik lauk baino gutxiago ikusten dute. Baina hutsegiteak onartzen hasita ezin genezake horretan geratu, ez da soilik administrazioaren akatsa edo udal enplegatuen ardura, politikariok ere badugu ardura zuzena, oraindik ere hauteskunde zerrendetan Beasainen hautagai elebakarrak aurkezten ditugulako. Eta horretan guztiok dugu mea culpa egiteko. PNV administrazioaren funtzionamenduan euskara normaltzeko begiak eta eskuak jartzeko badago, gureekin bat egingo du eta ez gara ea nork gehiago egiten duenaren lehian sartuko. Hala ere aipatu behar dugu Beasaingo Udalean aurrera egindako urratsak izan zirela, lehenik itzulpen zerbitzu bat [...]
Aitor Larburu • Beasaingo Udal Gobernua
Beasaingo Udalari era inpertsonalean zuzendutako gutunean, euskararen erabilpenaz kezkatuta idazten du Aldasorok. Kezka konpartitua da udalaren gehiengoaren aldetik, nahiz eta jakin zinegotzi eta alderdi batzuen kasutan justu kontrako sentsazioak ere badaudela.
Zoritxarrez guztion ondarea behar lukeen hizkuntzak zuzenean jasotzen dituen erasoez gain, baditu zeharka euskararen aldekoon aldetik ere pairatzen dituenak, eta horretan ez gara inor salbu. Eta egoera hauek zuzentzeko ezer baino lehen akatsak egin ditugula onartzen dugu.
Onartzen dugu ez dugula lortzen administrazioa euskalduntzeko behar adina borondatezko konpromisorik. Eginkizun horretan dagoen araudiak akatsak izan arren, ez ditugula erreparatzen eta ondorioz administrazioaren funtzionamenduan etengabeko zuloak sortzen direla euskararen produkzioan eta erabilpenean. Horrek akuilu lana dakar, eta Aitorrek dion bezala bi begik lauk baino gutxiago ikusten dute.
Baina hutsegiteak onartzen hasita ezin genezake horretan geratu, ez da soilik administrazioaren akatsa edo udal enplegatuen ardura, politikariok ere badugu ardura zuzena, oraindik ere hauteskunde zerrendetan Beasainen hautagai elebakarrak aurkezten ditugulako. Eta horretan guztiok dugu mea culpa egiteko.
PNV administrazioaren funtzionamenduan euskara normaltzeko begiak eta eskuak jartzeko badago, gureekin bat egingo du eta ez gara ea nork gehiago egiten duenaren lehian sartuko.
Hala ere aipatu behar dugu Beasaingo Udalean aurrera egindako urratsak izan zirela, lehenik itzulpen zerbitzu bat edukitzea, ez soilik erdaldun elebakarren eskubideak bermatzeko, euskaldunonak ere errespetatzeko. Aurrerapausoa izan zen Euskara Zerbitzu bat osatzea ere, udalaren funtzionamenduan arlo guztien zehar-lerrotasuna bilatuz. Zerbitzuan teknikari bat egoteak, aurrekontu propioa izateak estatus bat irabaztea ekarri zuen.
Urteak behar izan ziren urrats horiek emateko, eta Aitor Aldasoro Euskara Batzordeburu zela kolpetik, Euskara teknikaria eta itzultzaile postua amortizatu (desagertu) egin zen eta une honetan Euskara Batzordea Kultur Batzordearen menpe geratu da. Horiek dira Beasaingo Udalean inoiz eman diren atzerapauso larrienak.
Azkenik, Aldasorok borondateaz hitz egiten du, eta legealdi honen hasieran aukera berri bat izan zuen berak eta bere alderdiak norabidea zuzentzeko, baina euskararen normalizazioren kontra daudenekin bat eginda Euskara Batzordea berrosatzearen aurka azaldu zen PNV.
Gure akatsak onartuz abiatu gara, ditugun bitartekoak ustiatuz zeregina badagoela ere aipatu dugu, baina era berean baliabide gehiagoren premia ukaezina dela deritzogu. BILDUk horretan PNVrekin bat egiteko borondatea azaltzen du eta bidean aurkitzeko ahaleginak egiteko konpromisoa hartzen dugu.