Euskarari isuna
Errepidean autoan goazela, inoiz geratu izan gaituzte ertzainek, eta lehenengo pentsamendua, nirea behintzat, zera izaten da: euskaldunak ote dira ertzain hauek? Zer nolako umorearekin egongo dira? Baina, tamalez, ia beti, erdaldunak suertatu eta erdaraz zuzendu izan zaizkit.
Diosala euskaraz egin eta berehalaxe dira, «a mi en castellano» esaka. Ertzain euskalduna eskatuz gero, oso modu txarrean zuzendu izan dira, eta beldurrezko mehatxua eginez gainera. Euskararen aurkako gorrotoa eta boterearen indarra oso nabarmen adieraziz.
Onartezina da, herritarrekin zuzenean harremanetan egon behar duten eta euskaraz ez dakiten ertzainak errepideetan edota bulego batean jartzea; eta are okerragoa da, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea izanik, ertzainek azaltzen duten euskararen aurkako harrokeria, eragiten duten beldurra eta mehatxuak jasatea.
Sarritan, egoerak okerrera egin ez dezan eta boterearen ezpata gainean dugula, amorruaren amorruz, amore eman behar izan dugu. Nahiz eta arrazoia eta eskubidea dugula jakin.
Eta isunik ez badigute jarri, gustura! Izan ere, euskaraz egiteko eskatzearen amorruz edo, motiborik ez badago ere, isunarekin bukatu izan du batek baino gehiagok. Egoera hau bera bizi behar izan zuen nire lagunak, 2014ko otsailaren 14an Etxegarateko mendatean.
Baina euskaldunok noiz arte jarraitu behar dugu egoeraok jasaten? Euskaraz bizi nahi dugulako, errepideetan edo edozein lekutan, ertzainen boterearen indarra eta beldurra jasan behar al dugu? Erdara inposatzen jarraitu nahi dutenen aurrean amore eman behar al dugu?
Ez horixe! Euskara maite dugulako eta gure hizkuntza delako, euskaraz egingo dugu beti. Arrotzek isilarazi nahi bagaituzte ere, ez gara isilduko eta edozer lekutan eta edonoren aurrean, zutitu eta euskaraz mintzatuko gara!
Erdara inposatu nahi duten ertzainik eta bestelakorik ez dugu nahi, eta Jaurlaritzaren ardura da euskaraz bizitzeko neurriak bermatzea eta etsenplua ematea. Herritarrona, nonahi euskaraz egitea eta eskubideak aldarrikatu eta borrokatzea.
Euskararen aurka dauden «herri zaindariek» euskararen normalizazioari eta herri zaintzari mesede gutxi egiten diete.
Mesedez, ken itzazue euskaraz ez dakiten ertzainak, eta euskarazko errespetuz trata gaitzatela euskaldunak, merezi dugu eta!
Karmele Aierbe Muxika. Ataun.