Gutuna (Lazkaoko Zero Zabor): “Bosgarren edukiontzia Vs. atez ate. Hori al da eztabaida?”
Axun Apaolaza eta Asier Alustiza (Lazkao Zero Zaborreko kideak). Lazkao.
Harrigarria bada ere, krisiak geroz eta gogorrago zanpatzen gaituen honetan, gipuzkoarron eguneroko ogia eta benetan arduratzen gaituena hondakinak biltzeko sistema dela dirudi. Zergatik ote?
Lazkaon ere horixe da errealitatea, zikinkeria, …
Axun Apaolaza eta Asier Alustiza (Lazkao Zero Zaborreko kideak). Lazkao.
Harrigarria bada ere, krisiak geroz eta gogorrago zanpatzen gaituen honetan, gipuzkoarron eguneroko ogia eta benetan arduratzen gaituena hondakinak biltzeko sistema dela dirudi. Zergatik ote?
Lazkaon ere horixe da errealitatea, zikinkeria, inposaketa, garestia… bezalako hitzak besterik ez dira entzuten, zer eta gaur egungo bilketa sistemarekin zabortegiak milaka tonaz bete ditugunean. Tona horietan guztietan materia organikoa, ontzi arinak, papera/kartoia eta sortzen ditugun zabor mota guztiak daude. Hori al da garbia izatea? Nahikoa ez, eta orain zabortegiak bete direla eta zabor horri guztiari irteera emateko asmoz erraustegia inposatu nahi dute batzuek, hori bai, beraien etxeetatik kanpo. Oso garbia eta osasungarria izango al litzateke gipuzkoar guztion zaborrak erreko dituen fabrika erraldoi bat Lazkaomendin, non tximini erraldoi batetik mota guztietako gas kutsakorrak isuriko dituen? Eta zergatik bai Zubietan?
Lazkaon % 40 inguruko birziklatze tasan gaude, gainerako %60 zabortegira doa. Hiru urte pasa dira 5. edukiontzia jarri zenetik eta txartelaren erabiltzaileak herritar guztien %37 dira, nahiz eta %52k izan etxean erabilgarri. Biztanleen %63k, beraz, organikoa zabortegira bidaltzen du. Errefusa (dena nahastuta biltzen den zaborra) egunero biltzen jarraitzen da, eta gehien sortzen duguna, hau da, azkeneko egunerako usteltzen hasten den materia organikoa astean behin. Errefusaren tona batek 144 euroko kostua du, Lazkaoko Udalari hilean 13.000 euro kostatzen zaio. Norbaitek uste du erraustea merkeagoa izango dela, makroproiektuak berak Gipuzkoa eta gipuzkoarrok 20 urterako hipotekatzen gaituenean?
Batzuk benetako eztabaida desbideratu eta herritarren ezjakintasuna baliatuz, gezurren bidez beldurra sartu nahian dabiltza. Arazoa ez da bilketa sistema; kontsumitzen duguna ondo bereiztean dago gakoa, lurrak emandakoa lurrera itzultzean. Zero zabor politika da martxan jarri beharrekoa, naturari beharrezko osagaiak ustiatuko dizkiona eta osagai horiek berrerabili, birziklatu eta lurrari itzuliko dizkiona. Helburu horiek erraustegi batek ez ditu bermatzen eta bilketa sistema eraginkor batek norabide egokian jartzen gaitu.
Horregatik, eta gaiaz kezkatuta, Lazkao Zero Zaborretik gonbidatu nahi zaituztegu Lazkao Birziklatuz taldekoak birziklatzeari buruz hitz egitera, iritziak trukatzera. Uste dugu denon elkarlana eta adostasuna ezinbestekoak izango direla Lazkao norabide onean jartzeko. Zuen erantzunaren zain gelditzen gara.