Urola gasolio ibaia
• Ane Albisua. Urretxu •
Badirudi Urretxu eta Zumarragatik pasatzerakoan Urola ibaiak behin eta berriz kolore eta usain bereziak izateko berezko joera duela, gasolioaren kolore eta usainak hartzearena, hain zuzen ere. Eta berezko joera duela esaten dut, bestela ez bailitzateke ulertuko 112 telefonora hainbat aldiz deitu, eta gero inork neurririk ez hartzea. Agian 112 zenbakiak, 112 aldiz deitu behar dela esan nahi du, edo, beharbada, 112 isurketa egon behar direla neurriak hartzeko.
Gezurra badirudi ere, biztanleok larrialdien telefonora deitu behar dugu ibaian isurketaren bat sumatzen dugunean, baina gero ez dirudi hain larria, inork ez baitu ezer ere egiten, edo hala dirudi behintzat. Isurketak ez dira bukatu, eta ustekabekoak izateko, momentuak oso ondo aukeratuak dirudite: gau partean, ostiral arratsaldeetan, asteburuetan…
Isurketak egon ziren egunetako batean, arrain ugari hilik agertu zen. Larrialdien telefonora deitzeaz gain, egunkarietan ere salatu genuen gertatutakoa, eta haien bidez erakundeek emandako erantzuna jaso genuen: arrainak oxigeno faltagatik hil ziren. Dirudienez, gasolioa ondo jasaten dute, baina 25 graduko beroa gehiegizkoa izan zen. «Zorionez», jadanik ezin da arrainik hil.
Jadanik ez dakigu nora jo. Udaletxean saiatu ginen, 112 zenbakian abisuak jarri ditugu, baita gobernuari kexa bat bidali ere… Zer egin dezakegu norbaitek neurriak har ditzan? Urretxu-Zumarraga inguruan kutsadurara ohituegiak gaude, baina airearena ez da pairatzen dugun bakarra. Martxoaren 14an, 14:00etan hasi eta gaueko 21:00etan oraindik nabariak ziren isurketaren ondorioak. Neurriak har ditzakeen inork ez al zuen usainik nabaritu?
Dirudienez, arduradun usaimengabeak aukeratzeko joera dugu, gure kexak entzuteko gorrak direnak edo horiei erantzuteko mutuak. Baina aspertuko garenaren esperantzaz egiten badute, jai dute. Espero dezagun ez dadila oraindik eta ezer larriagoarik gertatu. Ziur orduan azalduko direla batzuk eta besteak, aspaldi plan baten prestakuntzan dabiltzala, eta hain justu neurriak hartzear zeudela, eta horrelakoak esaten. Gardentasuna ez da bakarrik ibaiari falta zaion zerbait.