Herriraren aurkako operazioa salatzeari, oposizioaren boikota
Beasaingo Udal Gobernua.
Herriraren aurkako operazioaren aurrean, Euskal gizarteko esparru guztietan sentitu da Guardia Zibilak pasa den astelehenean eragin zigun astindua.
Geroztik, ugariak izan dira kalean eman diren mobilizazioak, erakundeetan onartu diren ebazpenak, eragile sozial, sindikal eta politikoen artean egin den salaketa zabala.
Beasainen ere, astindu horren eraginpean izan gara aste osoan. Batzar ugari egon dira eta hamarnaka eragilek parte hartu dute egitarau desberdinen antolakuntzan.
Udalak ere gertakari larri hauen aurrean bere ekarpena egin behar zuela uste dugu eta horregatik deitu dugu Osoko Bilkura. Aurrez, Gipuzkoako Foru Aldundian gertatu bezala eta Legebiltzarrean ere PNV eta EHBilduren artean adostutako adierazpen baten aurrean, Beasainen ere EHBildu eta PNV ados jarri gara mozio bateratua aurkezteko.
Osoko bilkurara iritsi garenean, oposizioko alderdi guztiek, PNVk barne, Plenora etortzeari uko egin diote, Euskal gizartearen sentiberatasunari bizkarra emanez.
Asteleheneko gertakariak oso larriak izan baziren ere, PNV eta oposizioko gainontzeko alderdiak Osoko Bilkurara ez etortzea, arduragabekeria ikaragarria da, Herri honetan sentitu denari burla egin diote. Lehen aldia izango da PNV deituta dagoen Osoko Bilkurara etortzen ez dena, eta askoz gehiagotan ikusi ditugu torturari, atxiloketei eta horrelako operazioei euren isilpenarekin erantzuten. Aurpegia eman behar denean ez emateak, susmo gehiegi pizten ditu.
Udaletik irmo jarraituko dugu bake eta normalizazio politikoa ekarriko duen eskenatoki baten aldeko lanean. Bide horretan ez daudenek eman beharko dituzte azalpenak.