Inazio Munduateri, esker onez!
–Memoria historikoa berreskuratzeko Ataungo herritar taldea (Ataun).
Ezingo ditugu hitz hauek aurrez aurre partekatu Inazio, baina lau haizetara zabaltzeko beharra dugulako, zauden lekuan zaudela, zuretzat.
Urteak dira Ataunen memoria historikoa berreskuratzeko lanari ekin zeniola. Informazioaren bila, herriko eta leku askotako artxiboetan, ordu nekaezinak eta egun luzeak pasatu dituzu. Kementsu eta tinko; dokumentu, akta eta iraganeko pasarteak aztertzen. Horiek gogora ekarri eta gaurko herritarron memoriara ekartzeko txingurri lanean aritu zara. Pasioz egin duzu, eta pasioz konpartitu dizkiguzu azken hilabete hauetan hainbat eta hainbat pasarte, gertaera eta finean gure herriaren iraganeko pasarteak direnak.
Herritarron zerbitzura aritu zara eta herriari eskaini nahi izan diozu zenekien guztia. Ataun herria, Villafrancatik dexanexionatu zeneko 400. urteurreneko ospakizunetan egindako lana eta bildutako eta emandako informazioa izan dugu horren lekuko.
Ataungo memoria historikoa berreskuratzeko azaldu duzun konpromisoak jarraipena izango du. Bidea zuk egina da eta orain, zuregatik ere, egindako bidea loratzea izango da gure egitekoa.
Iragana gogora ekarriz, gure Herria eta gure etorkizuna eraikiko dugula sinetsiz, Inazio, bihotzez jaso ezazu gure esker ona eta maitasuna.
Bejondeizula Inazio, eta bihar arte!
–Memoria historikoa berreskuratzeko Ataungo herritar taldea (Ataun).