«Espektakulu penagarria Usurben»
Aitor Larburu (Beasaingo Udal Gobernuaren izenean)
Usurbe Antzokiaren ardura zuen Ansoalde enpresako langileek, kudeatzailearen aldaketaren ondorioz, subrogatuak izateko aukera zuten. Enpresa berriak baldintza berdinak eskaini zizkien langileei, aldaketa batekin, Antzokia irekita dagoen 10 hilabeteak bakarrik kobratzea (eta udaran zinea itxita dagoen 2 hilabeteetan ez kobratzea). Lehen, Ansoaldek batere kontrolik gabe ordaintzen zuen eta guztia fakturatzen zion Udalari. Beraz, baldintza berri honekin, Hirutek enpresak, lehendik zeuden 3 langileei, langile diskontinuo kontratua eskaini zien. Batek izan ezik langile guztiek onartu egin zuten eskaintza berria. Eskaintzen zitzaizkion baldintzak onartzen ez zituen langile honek, orain arte, nominaz gain, B-n, hau da, beltzean jasotzen zuen dirua, eta Hirutek eta Udalak hau onartezintzat jotzen dugu.
Gure helburua Usurbe antzokiaren egoera erregularizatzea izan da hasiera hasieratik. Asmo hori, izan ditugun bilera ezberdinetan jakinarazi diegu langile zein enpresa kudeatzaile berriari. Hala ere, aipatzen ari den langileak, baldintzak ez onartzea erabaki zuen, eta subrogazioa eta kontratazioa Udalaren gain ez bazegoen ere, Udal Gobernuak, nire bitartez, saiakera desberdinak egin zituen egoera bideratzeko nahian.
Gaia salatu duten politikariek zein haien laguntzaile den kronikagileak nahita eta asmo maltzurrez ahaztu dituzten datuak argitara ematea behartu naute.
Berriz esango dut, langilea ez zen Udalak kontratatua, Ansoalde enpresak baizik, eta gerora, Hirutek enpresa berriak, beraz, Udalak ez zuen zertan kontziliazio ekitaldian egon beharrik, Juantxo Unanuak behin eta berriz, intentzio osoz, egon ez ginela azpimarratzen badu ere.
Berak, PNV eta H1 aipatzen ditu salatzaile gisa, baina sekula ez die galdetu langileak ezetza eman izanaren arrazoia. Hor egon zen gakoa eta orain langilea berriz kontratatua izan beharko da, Hirutek enpresak urte osoko kontratua eskainiko dio langile honi, baina azken honek, beltzean jasotakoari uko egingo dio. Akordio hau Bilduren aurkako ebazpen gisa aurkeztu nahi dute, baina Udal Gobernuarekin zerikusirik ez duen akordioa dela jakina da. Orain lortu den akordioa lehen ere lortu zitekeela? Noski baietz, baina horren erantzule bi aldeak dira, langilea eta enpresa. Gure aldetik pozten gara piztu behar ez zen gatazka ondo amaitu izanaz.
Azkenik, kronikagileari: Zergatik ez du azaltzen PNVren eskutik Ansoalde enpresak urteko hilabete batzuk lan egiten zuten langileei urte osoa ordaintzen ziela, eta gainera beltzean ere pagatzen zuela? Zergatik ez da esaten Ansoalde enpresa era irregularrean esleitua zegoela? Azken Udalbatzan Alkateak emandako argudioak zergatik ez zituen aipatu? Informazio bat ematen denean, bertsio desberdinak kontrastatu behar dira, eta kasu honetan aipatzen ditudan hauek Udalbatzan ere esan ziren. Zergatik ez dira jaso? Bilduren kudeaketa erasotzea beste helbururik ez duten alderdiekin bat egiten duelako kazetariak, informazioa kaltea eragiteko ezkutatuz.