Iritzia: Garbiñe Mendizabal (Zaldibiako zinegotzia eta legebiltzarkidea): Euskadik aurrera egiteko nekazal estrategia
Mundu mailako populazioa etengabe hazten ari denean eta elikagaien ekoizpena gero eta herrialde gutxiagotara mugatzen ari den momentuan, oso garrantzitsua da, herri bezala, hau da, Euskadi modura, elikadura eta nekazal estrategia bat izatea. Estrategia propioa izatea ahal dugun neurrian gure elikagaiak ekoizteko, kalitate goreneko elikagaiak munduratzeko eta, hitz batean, gure herrian aberastasuna sortzeko. Hau da EAJren apustua. Bai, nekazal mundua ere gai da aktibitateari eusteko, enplegua sortzeko eta aberastasuna bermatzeko. Baina horretarako ezinbestekoa da Euskadik bere nekazal estrategia izatea eta gu geuk, jeltzaleok, oso argi dugu nekazaritzak hartu eta segitu beharreko norabidea. Nekazaritza jasangarria nahi dugu denok. Batzuentzat jasangarritasuna ingurumen alorrera mugatzen den bitartean, beste batzuentzat preziora lotutako lehiakortasunera mugatu beharko litzateke eta baserriak bizirauteko beharrezko duen babesa ezabatu, eta merkatu zabaleko ekoizpenean bakarrik utzi. Jeltzaleok, ordea, nekazaritzaren jasangarritasuna sustatu nahi dugu. Horretarako, lehen oinarria gure ustiapenen jasangarritasun ekonomikoa da. Bideragarritasun ekonomikorik gabe —errentagarritasunik gabe— ez dago, ez ingurumenik edo paisaiarik, ez landa mundurik eta are gutxiago baserria gaztetzerik. Gure ustiapenen errentagarritasuna dugu helburu eta nekazaritzaren sektoreari sostengua ematea etorkizunari begira. Horrexegatik, gure jarduera politikoaren erdigunean jartzen ditugu baserriko profesionalak. Hau da, tamainak eta ereduak alde batera utzita elikagaiak ekoizterakoan ustiapenaren alor guztiak landuz (formazioa, kudeaketa, higienea, lan baldintzak, merkaturatzea…) [...]
Mundu mailako populazioa etengabe hazten ari denean eta elikagaien ekoizpena gero eta herrialde gutxiagotara mugatzen ari den momentuan, oso garrantzitsua da, herri bezala, hau da, Euskadi modura, elikadura eta nekazal estrategia bat izatea.
Estrategia propioa izatea ahal dugun neurrian gure elikagaiak ekoizteko, kalitate goreneko elikagaiak munduratzeko eta, hitz batean, gure herrian aberastasuna sortzeko. Hau da EAJren apustua.
Bai, nekazal mundua ere gai da aktibitateari eusteko, enplegua sortzeko eta aberastasuna bermatzeko. Baina horretarako ezinbestekoa da Euskadik bere nekazal estrategia izatea eta gu geuk, jeltzaleok, oso argi dugu nekazaritzak hartu eta segitu beharreko norabidea.
Nekazaritza jasangarria nahi dugu denok. Batzuentzat jasangarritasuna ingurumen alorrera mugatzen den bitartean, beste batzuentzat preziora lotutako lehiakortasunera mugatu beharko litzateke eta baserriak bizirauteko beharrezko duen babesa ezabatu, eta merkatu zabaleko ekoizpenean bakarrik utzi.
Jeltzaleok, ordea, nekazaritzaren jasangarritasuna sustatu nahi dugu. Horretarako, lehen oinarria gure ustiapenen jasangarritasun ekonomikoa da. Bideragarritasun ekonomikorik gabe —errentagarritasunik gabe— ez dago, ez ingurumenik edo paisaiarik, ez landa mundurik eta are gutxiago baserria gaztetzerik.
Gure ustiapenen errentagarritasuna dugu helburu eta nekazaritzaren sektoreari sostengua ematea etorkizunari begira. Horrexegatik, gure jarduera politikoaren erdigunean jartzen ditugu baserriko profesionalak. Hau da, tamainak eta ereduak alde batera utzita elikagaiak ekoizterakoan ustiapenaren alor guztiak landuz (formazioa, kudeaketa, higienea, lan baldintzak, merkaturatzea…) elikagai osasungarriak eta kalitatezkoak ekoizteko gai direnak.
Nekazaritza sostengarria nahi izanez gero ezin gaitezke gure merkatua herriz herri zatikatzen hasi, izan daitekeen gizarte eredu baten aitzakian, ezin dugu gure ekoizpena merkatuko nitxo edota ekoizpen mota bakarrera mugatu.
Bizi dugun Euskadi gizarte anitza da eta, horrenbestez, kontsumitzeko garaian ere portaera ezberdinak ditu, bai pertsonen arabera, bai eta pertsona bakoitzaren baitan, une edo okasioaren arabera. Hori onartu ahala, merkatu-kontsumitzaile anitzarenganako bide eta erantzun ezberdinak landu beharrean gaude eta gu, jeltzaleok, prest gaude gure kalitatezko elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzerakoan dauden bide anitzak babesteko eta sustatzeko. Ezin gaitezke ateak ixten hasi, ateak eta leihoak zabaltzen baizik.
Ingurumena eta paisaia errespetatuz, noski, gure ustiapenak eta basoak landu nahi ditugu bai baserritarren bizimodua hobetzeko, bai herri mailako aberastasuna sortzeko, eta bide batez, Euskadik aurrera egin dezan lortzeko.
Horretarako, eta ez beste ezertarako, behar-beharrezkoa dugu baserritarren arteko sektore profesionalaren eskutik nekazal estrategia finkatzea.