Jarrera gaitasunaren aurretik
Abiatu berri da 2014-2015 ikasturtea. Ongi etorri ikasgeletara beasaindar ikasleok. Beasaingo eskola errolda era honetara dago osatua: HH: 761, LH: 980, Heziketa berezia 9, BH: 811, Batxilergoa: 345, Lanbide heziketa: 118, Unibertsitateko ikasle kopurua Beasainen: 700 inguru.
Gazteok zarete Beasainen etorkizuna. Askotan entzun duzue hori bera. Horregatik duzue zeuon burua prestatzeko ardura osoa, ez soilik zuen profil pertsonala hobetzeko, baita gizarte onurari ekarpen bat egiteko ere. Gizarteak ez zaituzte eskuratuko dituzuen tituluen arabera neurtu behar, ezta behar ere; horiek zuen gaitasunaren erakusgarri dira; aldiz, pertsonalki zuen buruarekiko eskakizunagatik eta gizartearekiko konpromisoagatik neurtu behar zaituzte, hau da, duzuen jarreragatik.
Ez ahaztu jarrerak gaitasunari gaina hartzen diola eta balorerik gabeko ezagutzak ez duela gizarte onurarik eragiten.
Prestakuntza ezinbestekoa da, giza garapenaren oinarria. Argi, ordea: Formazioak alderdi ugari ditu eta oinarrizkoena baliagarrien izan gaitezen hartan trebatzea da, gizarteari giza kalitatezko balio handiagoa ekarriz. Hautatu dugun horretan adituak izatea da gakoa eta geure burua ziur ikustea.
Zuen jomuga lanbide prestakuntzako ikastetxea izatea edo unibertsitatea izatea ez da hain garrantzitsua; bai, ordea, emateko duzuen gaitasuna, jasotako ezagutza eta egunero gogotik abian jartzeko ilusioa.
Gurasoon ardura da seme-alaben prestakuntzan bidea urratzea. Izan ere, formazioa ez du soilik alderdi akademikoak osatzen, bestelako gozagarriez hornitua behar du izan, etxetik beretik ezarritako baloreez, besteak beste, ahalegina, eskakizuna, hobetzeko grina eta kontsumo ohituretan neurria.
Hitz labur esateko, gizarte bihozbera eta zuzenagoa, osasuntsuagoa eta elkarbizitzarako atseginagoa egiten laguntzea da helburua. Ikasteak ezagutza emateaz gain, bizitzaren alde gizatiarra lantzeko baliabidea izan behar du. Izan zaitezte saiatuak eta langile finak, hori baita emaitzak jasotzeko bide bakarra.
Aitor Aldasoro, EAJ.