Kartelak Zumarragan
Manex Agirrezabal. Zumarragako ezker abertzalea.
Joan den otsailaren 19an, SORTU alderdi eratu berriaren ekitaldi politikoa zela eta, Zumarragako kaleetan kartel batzuk jarri ziren. Kartel hauetan otsailaren 23an Iruñean burutuko zen ekitaldiaren berri ematen zen; hala nola, herritarrei bertara joateko eskaintzen zitzaien autobus zerbitzuaren berri ere. Hurrengo egunean, aipatutako kartelak ez ziren inon ageri! Udaletxeko langileek denak kendu zituzten. Egoera “bitxi” honen aurrean, berriz ere kartelak jartzeari ekin zitzaion. Zer gertatuko eta, hurrengo egunean berriz ere, kaleko hormetan hauen arrastorik ez!
Gertakizun hauen ondoren, zer gutxiago eta Obra eta Zerbitzuetako buru den Fariñas zinegotzi jaunarengana joan ginen azalpen eske (gogoratu besteak beste zirkoa dela eta, zeina ikuskizun txalogarria izan zen, gure herriko hormak nola egon diren). Horra, zinegotzi jaunaren erantzuna: berak nahi duenean, berak nahi dituen irizpideei jarraituz (berak esaten duenean, berak ordezkatzen duen alderdi politikoak ere zerikusia izango duelakoan gaude) kartelak kentzen jarraituko duela. Horra hor demokrazia eta adierazpen askatasunari buruzko lezio expresa! Hau da Zumarragako Udal Gobernuak zumarragarroi eskaintzen digun autoritarismo eta prepotentzia irakasgaia. Azkenik, bururatzen zaigun galdera: zer ote zuten kartel hauek aipatu udal ordezkarien gustukoak ez izateko?.