Langabeziak arduratzen gaituelako
Aitor Larburu (Beasaingo Udal Gobernuaren izenean)
Aurreko astean Beasaingo EAJ-PNVko udal taldeak esandakoei erantzunez, bi hitz esan nahiko genituzke. Kontuan hartuta gai hau oso sentsiblea dela, eta beraiek dioten moduan, lehia politikotik kanpo utzi behar dela, behartuta gaude beraiek esandakoari erantzun bat ematera, herritarrek informazio zuzena eta egia osoa eskura izan dezaten.
EAJ-PNVk, 2012 eta 2013 urteetako aurrekontuei zuzenketa berdina egin zien; Goierri eskolan eman beharreko formaziorako 140.000 euroko zuzenketa, alegia. Udal Gobernutik formazio horren inguruko informazioa eskatu genien behin eta berriz, baina gaur egun oraindik informazio horren zain gaude.
Ez dakigu ze formazio izango litzatekeen, nori zuzendutakoa, hau da, zertarako diren 140.000 euroak. Nik pertsonalki deitu nuen Goierri eskolara eta han gauza bakarra egiaztatu zidaten: 2011 urte bukaeran bilera bat egin zutela PNVkoekin, baina horretan gelditu zela.
Argi gelditzen da PNVk ez duela inolako proiekturik esku artean, hautsak harrotu eta tentuz ibiltzekoa den langabeziaren gaia, Beasaingo Udal Gobernua ahultzeko erabili besterik ez duela nahi.
Guk, berriz, lanean jarraitzen dugu, herritarrekin batera, eta proiektu desberdinak jarri ditugu martxan Goieki eta Lanbiderekin elkarlanean: auto-enpleguaren aldeko apustua eta ekintzaileentzako ikastaroak; datorren maiatzaren 20an hasiko den parke eolikoen mantenurako ikastaroa; Ondare materiagabearen berreskuratzearen inguruan, langabezian egon eta unibertsitateko formazioa duten gazteentzat ikastaroa. Proiektu hauek guztiak Lanbideren diru-laguntza jaso dute eta Goiekirekin elkarlanean bideratu ditugu.
Udal Gobernuak bide honetan jarraituko du, Beasain eta Goierriko langabezia tasek arduratzen gaituztelako eta arlo honetan ere asko dagoelako egiteko. Bitartean, hitz gutxiago eta ekintza gehiago. Zuen proposamenak jasotzeko irrikaz gaude.