Usain txarrak ez dira hain erraz joaten, eta Dolarea Hotelak badu nahikoa kirats!
Ruben Gonzalez, Beasain • (Dolareakaltetuak taldea)
@Dolarekaltetuak ekimenetik, eta arduradun naizen aldetik, urtarrilaren 16an EAJk kaleratutako iritziaren harira, bilera bat antolatu nahian ibili nintzen. Hainbat dei eginda, EAJk eta @dolareakaltetuak-ek urtarrilaren 21erako bilera adostu genuen, euren idatziaren hainbat puntu argitu beharra zeudela iruditzen zitzaidalako.
Esan behar da, EAJren aldetik prestutasun handiz eginiko bilera izan zela. Sei lagun elkartu ginen Beasaingo Batzokian, arazoari irtenbidea bilatu asmoz. Gure aldetik, bagenituen hainbat galdera, eta egia esan, horietako asko ez genituen egin, nahiz bilerak bi ordu-edo iraun. Gure kezkak, eurak argitaratutako testuaren gainekoak ziren, izatez, baina bestelakoek zer esana ere ematen zutenez, beraiek ahalbidetutako, eta aldi berean, hainbeste amestu zuten 4 izarretako Dolarea Hotela eta EAJ lotzen dituen soka sendo horretaz aritu ginen.
Beraien idatzian, «ez eskaini, ez proposatu eta are gutxiago, inongo diru laguntzarik onartu» esaten duten arren, dokumentu ofizialak baliatuz, esaldi hori gezurra dela defendatu genuen. 2009. urte inguruan, Dolarea Hoteleko obrek derrigortutako geldialdi bat jasan zuten. Garai hartan, Patxi zen gure alkatea, eta honek, Iban Mate eta Mª Aranzazu Ranchoren idatzizko eskari bati men eginez, esleipen-erabakia aldatu zuen. Aldaketa honek, Dolarea Hotelaren finantziazioa ahalbidetzen du, eta era berean, Dolarea Hotelaren eraberritze-lanak bukatzea. Lan horiek amaituta, martxan jartzeko moduan dago Dolarea Hotela. Patxi eta garai hartako Beasaingo Udalaren laguntzarengatik ez balitz, Dolarea Hotela ez litzateke martxan egongo. Beraz, 2. parrafoan azpimarratu dugun esaldiaren lehenengo zatia, azalduta dago.
Esaldi horren bigarren zatiari dagokionez, beti esan dugu haiek 4 izarretako Dolarea Hotela nahi zutela, eta hori defendatzeko, baditugu hainbat gertakari. Lehenengoa hauxe: 2006. urtean, udalak, Dolarea eraberritzeko lanen harira, aurrekontu bat proposatu zuen.
Iztau S.L.-k eginiko aurrekontua izan zen eta 2.047.807,40€-ko balioa zuen. Eraberritze-lan horietan, Dolarea baserria bakarrik hartu zen kontutan. Urte bete geroago, Iban Matek eta Ma Aranzazu Ranchok proposamen bat egin zioten udalari;
Dolarearen sotoa ere eraberritu nahi zuten, bertan, 4 izarretako hotel batek behar dituen hainbat elementu sartzeko. Hori ere, onartua izan zen. Bestalde, udalak egindako lana ere kontutan hartu behar da, adibidez, Dolarea Hotelaren aparkalekua, beasaindar guztiok ordaindu genuena, gainera. Lan hauek ere, arazo larri bati irteera emateko baliatu zituzten; Dolarea Hotelak sorturiko kearen irteera bideratzeko. Aparkalekua, beraz, beasaindarron kontu joan zen, eta gertakari honi esker ere, 4 izar ditu Dolarea Hotelak.
Hau guztia, bilera hartan defendatu genuen. Ez genuen erantzun berririk jaso, haien betiko hitzak eta, zer proposatzen genien, gai aldaketa azkarra, besterik ez. Ondorio garrantzitsuena, lehenengo zati honi dagokionez hauxe da: oraindik ere, ez dute Dolarea Hotelarekiko duten lotura onartzen.
Soluzioen atalean, bada gauza onik. EAJtik hilero hilero arduradun bat Kutxara joaten da, gure arazoaren egoera zein den egiaztatzera, eta bilera horiek baliatzen dituzte dauden irtenbideak aztertzeko. Gure aldetik, jarrera hau eskertu genien. Gure kaleko jardunari buruz ere aritu ginen, euren ustez, presio hori ez genuke egin behar; Kutxari ez omen zaio gustatzen. Gure erantzuna, bat eta bakarra, oso argia gainera: «Irtenbidea aurkitutakoan geldituko gara gure etxean, baina ez ahaztu, etxerik gabe jarraitzen dugu!».
Eta hauxe izan zen, Batzokian egin genuen bilera. Udalbatzan esan genuen bezala, Beasaingo Udalean biltzen diren alderdi guztiei dei egiten dizuegu, zuen laguntza behar dugulako. Denok dakigu dorre oso handien kontra ari garela, baina sinetsita gaude, handiak izanagatik ez direla sendoak.
Gure arazo eta egoeraren berri izan nahi duenak, informazio guztia, Facebook eta Twitter-eko gure perfiletan aurki dezakezue: /dolareakaltetuak eta @dolareakaltetuak.