Ordiziako Udalak eta Kirol Aholku Batzordeak, Goierriko atletismoaren alde azken 30 urteetan Jose Antonio Peñak egin duen lana aitortu nahi du. Goraipatzeko moduko lana izan da, ordezkatzen zaila; izan ere, azkeneko hiru hamarkadetan Altamirako estadioan barrena (Peñaren etxean barrena) igaro diren atleta guztiek Peña izan dute lehenengo kontaktu eta erreferentzia. Peñak, klubaren ardatz izan ziren Josetxo Imaz eta Jose Manuel Caballero aholkularien lana hartu zuen oinordetzan, era altruistan. Bi hauek erakutsi zioten Peñari bere benetako pasioa izan zena, Atletismoa. Peñak gutxi gorabehera bostehun atleta izan ditu bere ardurapean, eta horiei kirol honen pasioa kutsatu zien batik bat. Gazteekin izugarrizko lana egin zuen, eta lortutako emaitzak ondo landutako harrobiaren isla izan dira, nazio mailako atletismoko erakunde garrantzitsuenek aitortu izan dutena beti. Kirol arloan nahiz pertsona gisa hutsune handia utzi du Goierriko atletismo familian. Mila esker Peña!
Igor Eguren eta Kike Mokoroa (Ordiziako Udalaren eta Ordiziako Kirolaren Aholku Batzordearen izenean)