San Joan bezperako alamartxoa
Alamartxo gauean egin genituen hainbat ekintzen ondoren agertutako kexei erantzuna emate aldera, honako idatzi hau zabaldu nahi dugu:
Lehenik eta behin, argi utzi ez zela gure asmoa inor iraintzea. Era berean, hala sentitu denari gure atsekabea adierazi nahi diogu.
Gure helburua dantzaren ostean giroak jarrai zezan antzerki bat egitea zen. Armonia apurtzeko inongo asmorik gabe ikuskizun esperpentiko bat antzeztea, gizartearen alde ilunei barre egin eta hausnarketa sortu asmoan.
Gure ezinegona plazaratu nahi genuen historian zehar eta gaur egun ere argitu eta salatu gabeko kasu ugariren aurrean (inkisizioa, haur lapurtuak, LOMCE, abortuaren aurkako legea, homofobia…). Izan ere, garapen bidean dagoen gizarte bati eragiten dien eskubide urraketa gisa ulertzen ditugu. Guzti hau, edozein auzo eta kaletan dagoen eztabaida da, komunikabide ezberdinetan ikus daitekeen moduan. Hots, datu errealak egon badaude gai hauen inguruan. («Sor María» mojaren kasu ezaguna edo Aita Santuak orain dela gutxi biktima batzuei eskatutako barkamena, besteak beste).
Ildo beretik jarraiki, Eliza instituzio eta ondare boteredun bezala hartzea zen gure xedea eta ez erlijio konkretu batenganako (hala nola, kristautasuna) salaketa hutsa burutzea; gure belarrietara heldu da gurutzeak izan zirela sutara jaurti genituenak. Argi utzi nahi genuke fraide eta mojak (Eliza instituzionalaren ordezkari) izan zirela sutara bota zirenak. Halaber, sua sinbolo berritzaile gisa erabili nahi izan dugu eta ez sinbolo suntsitzaile modura. Euskaldun zaharrek dioten legez, alarmatxoetako suek gaitzak sendatzeko ahalmena gordetzen dute.
Min handiz jaso dugu espero ez genuen oihartzun hau. Gure borondatez egindako lan bat azken muturreraino politizatu izanak asko nahigabetu gaitu. Puntu honetara iritsita, zehaztu beharrean gaude udalak eta festa horren antolatzaileek ez zutela antzerkiaren edukiaren berririk eta beraz, esandako hitzen erantzukizun osoa Zaldibiako Gazte Asanblada eta Ernai taldeei dagokiela.
Gure ustez, adierazpen askatasuna ez dugu baliatu inor iraintzeko asmoarekin. Jakina da, ikuspuntu desberdinak dauden aldetik, iritzi bat ematean kontrako iritzia duena gaizki senti daitekeela. Baina, horri al deritzogu eskubide urraketa? Munduak kolore ezberdinak eta guztiak behar ditu. Elkarbizitzan, aniztasuna desio eta bermatu nahi dugu. Guztiontzako tokia behar dugu. DENOK!
Bukatu aldera, bi gonbidapen luzatu nahi ditugu. Batetik, aurrez aurre hitz egiteko prest gaude; bilera deialdia egin eta eztabaida irekia noiznahi egin genezake (ahalik eta lasterren, kontua ez luzatzeko). Bestetik, eta datorren urtera begira, armonia hobea, elkarbizitza, aniztasuna eta iritzi ezberdinak barreiatzearen alde, Zaldibian Herrigintzan udal taldeari alamartxo gauean ekintzaren bat plazaratzeko gonbidapena helarazi nahi genioke.
Komunikabide ezberdinetan agertutako idatziek sortutako asalduraren aurrean, zaldibia.org webgunean eskegita dagoen bideoa ikustera animatzen zaituztegu.
Munduko ostadarrak kolore guztiak izan ditzan…
Zaldibiako Gazte Asanblada.