Giza lelokeriari buruzko hirugarren oinarrizko legeak dio, leloa dela beste gizaki edo talde bati kalte egiten diona batere onurarik atera gabe, edota bere buruari kalte eginda.
Ordizian azken aldian ikusten ari gara toki batzuetan hondakin eta zaborrak pilatu egiten direla zabortegi txikiak sortuz, batez ere, dagokion ontzian ateratzen ez den zaborra soilik ostegunetan jasotzen hasi zirenetik.
Badirudi hainbat herritarrek, arduragabeki, erabaki dutela araudia ez errespetatzea eta gure kaleak betetzea beren zaborrekin, kontuan izan gabe eragiten ari diren arazoa eta aintzat hartu gabe, akatsak akats, egutegi eta ordutegiak betetzen ditugun herritarrak. Haiei bost axola!.
Zergatik jokatzen ote dute horrela? Informaziorik ez dutelako? Alferkeriagatik? Halakorik bada, bai Udalak, eta baita herritarrok ere, ahalegin berezia egin beharko genuke herritar hauei araudia ezagutarazteko eta betearazteko, erakutsiz ahalegin txiki horrek duen saria dela inguru garbi eta osasuntsuagoa.
Sistemarekin ados ez daudelako egiten al dute? Akaso, kalte eragiteko soilik? Bakarren batzuek zaborrak dagokien puntuan uzten dute, baina puskatzen diren poltsatan. Baina sistema berria deserosoa dela esaten duten beste batzuek, ahalegina egiten dute beren etxetik urrutirago uzteko. Badirudi ez dutela hondakinik ikusi nahi etxetik gertu, baina ez zaie axola beste batzuengana eramatea.
Denei eskatzen diegu, mesedez, utz diezaiotela zikintzeari. Ez daitezela leloak izan. Besteoi kalte egiten baitigute, baina baita beren buruei ere. Sistema ezagutzen ez duenak, galde dezala. Ahalegina egin nahi ez duena, jabe dadila merezi duela. Eta aurkakotasuna agertu nahi duenak, bila dezala sistema garbiren bat hori adierazteko.
Francisco Javier Masid Balda. Amaia Azurmendi, Ilazki Azaldegi,
Edurne Saez, Naiara Garmendia Otegi, Iñaki Otegi Aseginolaza,
Itziar Agirre, Imanol Urrestarazu, Enrike Redondo, Esther Blanco Marcos ,
Nati Garzia Nieto, Andoni Arroio Irastorza, Ugaitz Garmendia Saldias, Iban Toledo, Ricardo Gomez Alvarez, MªKarmen Iturrioz Amundarain…