Zintzotasun eta gardentasun falta nork?
Legazpiko udal-gobernuak atez-ateko zabor bilketaren eredua aukeratu zuenean, PNV, PSOE-EE eta Hamaikabat kontra jarri ziren berehala. Ondoren, talde horietako politikariek plataforma bat sortu zuten zaborra biltzeko bosgarren ontziaren erabilera bultzatzeko asmoarekin. Gerora, plataformaren lekukoa beste batzuek hartu zuten.
Batzuek eta besteek izandako jarrerak jakinak dira. Udal-gobernuak atez atekoa zertan oinarritzen den jakinarazteko deialdiak egin ditu, informazioa emanez eta herritarren parte-hartzea bultzatuz. Atez-atekoaren kontrako plataformak bere iritzia emateaz gain udal- gobernutik datorren edozein iniziatibari boikota egitea eskatu du behin eta berriz. Hondakinak kudeatzeko proposatzen diren bi ereduen defentsak gatazka ekarri du udal-gobernuaren eta atez atekoaren kontrako plataformaren artean.
Sortutako liskarra konpondu nahi bada, zer egin behar da? Konpondu nahi duenak bestearena kontuan hartuz aldaketak egiten ditu, konpondu nahi ez duenak, aldiz, berean jarraitzen du. Legazpiko udal-gobernua mugitu egin da, bi sentsibilitateak uztartuz bi sistema batera erabiltzea erabaki baitu. Plataformak, berriz, zer egin du? Bere eskutik ez datorrena baztertu. Udal-gobernuak etxeetara bidali berri duen galdetegia, non galdetu duen bakoitzak ze eredu nahi duen, ez erantzuteko gomendioa zabaldu du, udal-gobernuaren garbitasuna kolokan jarriz.
Antolatu diren informazioa zabaltzeko bileretara ez joateko eta besteekin elkarlanean ez aritzeko eskatzen ari den kolektiboak, zer zilegitasun dauka udal-gobernuari zintzotasun falta eta herriarekiko gardentasun falta leporatzeko? Nor ari da berea inposatu nahian? Atez-atekoaren eredutik eredu mistora pasa dena ala bosgarren edukiontziaren eredutik mugitu nahi ez duena?
Jesus Mari Urbegain Zabaleta.