BERDE KOLOREKO KOMERTZIOAK: Lasa Harategia, Ness, Irurena Merzeria-Lentzeria, Siglo XX Plater Prestatuak, Tximista Sagardotegia, Vicuña Confeccion eta Vicuña Sport
Ordiziako, Lazkaoko eta Beasaingo merkatarien elkarteek Komertzio Berdeak kanpaina sustatu dute Goierriko komertzio eta zerbitzu establezimenduetan. Ingurunea zaindu eta zerbitzuak hobetzea dakar. Ingurumenarekiko kontzientzia hartzen ari da gizartea eta orokorrean, ahal den kalte gutxien egiteko neurriak hartzen dira, bai norbanakoek bere etxean baina baita beste maila batzuetan ere. Gainera horrek aurreztea ekartzen badu, ezin hobeto. Goierriko hainbat esta- blezimenduk ere lanketa egin dute gaiaren inguruan, eta egunerokoan gauza gutxi batzuk aldatuta onurak lortu daitezkeenez, bat egin dute Komertzio Berdeak egitasmoarekin. Goieki Goierriko Garapen Agentziak eta Goierriko hainbat merkataritza elkartek (Bareak, Ordizian eta LazkaOn) sustatutako proiektua da Komertzio Berdeak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak sailaren finantzaketa izan dute guztia aurrera atera ahal izateko. Proiektuaren xedea establezimendu komertzialei jasangarriagoak eta eraginkorragoak izaten laguntzea da. Negozioen lehiakortasuna areagotzea suposatzen duen aurrezpen ekonomikoarekin batera, merkatarien konpromiso eta ingurumenarekiko erantzukizuna sustatzen du. Batzearen onurak 2018 urtean zehar, eskualdeko 18 merkataritza eta zerbitzu establezimendu batu dira Komertzio Berdeak egitasmora e ta auditoria energetikoei esker beraien eraginkortasun energe- tikoa hobetu dute. Proiektu honen bidez establezimendu horiek egunero-egunero hobetzeko eta energetikoki eraginkorragoak izateko egiten duten ahalegina erakutsi nahi zaie goierritarrei eta bisitariei. Horregatik, Komertzio Berdeen ibilbidea egiteko gonbitea luzatu dute. Ondorengoak dira Goierriko Komertzio Berdeak: Beasainen, Olano eta Iñaki Ormazabal harategiak, Natxo belardenda, Lain eta Banbora ile apaindegiak, Neu albaitaritza, Dendu eta Foto Alzuri; Ordizian, Siglo XX eta Lasa harategiak, Tximista sagardotegia, Vicuña Sport, Ness Boutique, Confecciones Vicuña eta Irurena mertzeria; Lazkaon, Ni ta Neu belardenda; eta Legorretan, Bizi-Natural belardenda. Ordiziako Confecciones Vicuña dendako arduradun Ana Ajuriak esan duenez, «autonomo bezala, alor asko ikutu» behar dituzte eta horietako asko kontrolatzen ez dituztenez, aholkulari baten laguntzarekin, argiaren kontsumoa nola zuten ezagutu eta hobetzeko hainbat klabe jaso zituzten. «Zein motatako argiak, zenbat eta beste hainbat galdera egin zizkigun batetik, eta gainera kontratatuta genuen argindarraren inguruko informazioa eskatu zigun» azaldu du Ajuriak. Informazio guztia jaso ondoren, azterketa egin zuen aholkulariak. Ajuriak adierazi duenez, «establezimenduaren beharretara egokitzen ez den kontratua geneukan». Antza, behar baino argindar gehiago zuten kontratatuta, baina enpresa elektrikoek helarazten ez duten informazioa da hori. Horren aurrean, aholkulariak hainbat gomendio eman zizkion Vicuñako arduradunari: «Kontratatutako argindar kopurua murriztea, dendan aldaketaren bat edo beste egitea eta hainbat ohitura aldatzea». Aholkulariaren gomendioei jarraituz, hainbat aldaketa egin dituzte. Egitasmoak «hobetzeko erraztasunak» eman dizkiela esan du eta «hain gutxirekin ingurugiroari ere mesedea egiten ari gara». Egitasmo honetan parte hartu duen beste establezimenduetako bat da Ordiziako Tximista sagardotegia. Amaia Blazquez sagardotegiko arduradunak adierazi duenez, «pozik» dago egitasmoarekin. Vicuñan bezala, Tximistan ere hobetu zitezkeen hainbat gauzen balorazioa egin zuen aholkulariak. Argindarrari dagokionez, Komertzio Berdeak egitasmora batu baino lehenago ere kontuan hartzen zuten zerbait zen. Dena den, aholkulariak hala esanda, bezeroei zerbitzu hobeago bat emate aldera eta ingurumenarekiko errespetagarriagoak izate aldera, «hainbat hobekuntza egiteko bidean daude». Gida praktikoa Aurrezteko eta eraginkortasun energetikorako Goierriko merkatariei zuzendutako gida praktikoa ere argitaratu dute, merkataritza sektorean energia kontsumoa murrizten laguntzeko asmoarekin. Gida eskualdeko Komertzio Berdeetan banatuko da. Izan ere, Komertzio Berdeen astea da honakoa. Gida egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak sailaren diru laguntza izan dute.