
Gainzuri ikastetxeko ikasleak zuhaitzak landatu aurretik indarrak hartzen.
Gaur goizean Ostegun Gizen eguna ospatu dute Urretxuko eta Zumarragako ikasleek. Txorixo ogitartekoak eta laranjak banatu dizkiete. Horrez gain, Gainzuri ikastetxeko ikasleak Gizarte Zentroaren inguruetan izan dira, zuhaitzak landatzen. Ikastolakoak Santa Barbarara igo behar ziren gaur, baina eguraldia ikusirik, landaketa bihar arte atzeratu dute. 10:45ean hasiko dira bihar zuhaitzak landatzen.
Ostegun Gizenaren egunean zuhaitzak landatzea aspaldiko ohitura da Urretxun. Iaz Goierriko Hitzak kaleratu zuen artikuluak jatorri horri erreparatzen zion:
Arbolaren egun handia
Atzoko egunez zuhaitzaren eguna ospatu zuten Urretxun. Urretxu-Zumarraga Ikastolako eta Gainzuriko ikasleak Urretxuko Elizalde auzoan izan ziren, zuhaitz landareak landatu eta ondoren txorizo ogitartekoa eta laranja janez. Aspaldiko ohitura da Zuhaitzaren Eguna ospatzekoa Urretxun. Duela urte pare bat Idoia Narbaiza egunaren jatorria aztertzen aritu zen, Kaixo aldizkarian idazteko asmoz. Horretarako adineko urretxuar batzuekin hitz egin eta herriko artxibora jo zuen, han baitaude Urretxuko kontu zaharrak gordeta.
«Askok Errepublika garaiko ohitura zela zioten. Baina ohitura zaharragoa zen irudipena nuen eta beste herri batzuetako informazioa ere bilatzeari ekin genion, ohitura noizkoa zen ikusteko», gogoratzen du Narbaizak ikerketa.
1914. urtekoa aurkitu zuen Urretxun ospakizun egun horren lehen erreferentzia: «Gastuen kontuak eta antzekoak aurkitu genituen». Horrela, 1914an herritar batek Zuhaitzaren Jairako pinu landareak eman zituela, hurrengo urtean egun hori otsailaren 11n ospatu zutela, edota 1924ko festa-egunean 80 umek parte hartu zutela aurkitu zuen. 1927an ereserkia egiteko asmoa erabili zuten, eta 1933an zuhaitzak inausteaz eta garraiatzeaz arduratu zen baserritarraren faktura ere aurkitu zituen Narbaizak.
1932ko Zuhaitzaren Jaiaz ere bildu zuen informazioa. Urte hartan esaterako, indigaztainondoak landatu zituzten, eta eguraldi «eskasagatik» eguna astebete atzeratu behar izan zuten. «Egiburun erositako 3 kilo txorizorekin eta Ugaldeko alargunari erositako ogi-opilekin osatu zuten otordua. Pentsa ezazue, 3 kilo txorizo 28 pezeta ordaindu zituzten», dio Narbaizak Kaixo aldizkarian argitaratu zuen artikuluan.
Jaiak egun zehatzik ez zuela azaltzen du, batzuetan asteartean ere egiten baitzen. Era berean, zuhaitzak landatu ondoren, txorizo ogitartekoak eta laranjak sari gisa ematen zizkieten haurrei, eta lanean aritutakoek «oso gustura» hartzen zutela ere jaso du Narbaizak.
Dekretuz ezarria
Zuhaitzaren eguna, hala ere, aspaldiagoko kontua da. Artikulurako aurkitu zituen datuen arabera, «Espainiako zuhaitzaren lehen eguna Galizian egin zuten 1594. urtean». Urtebete geroago, gainera, derrigorrezkotzat ezarri zuten jaia egitea, 1915eko urtarrilaren 6ko Errege Dekretuaren bitartez. Garai hartan jaia «egun handia» izaten» zela dio, «bertan herriko apaizak, medikuak, maisuak eta alkateak hartzen zuten parte». Hori guztia, hala ere, dekretuz erregulatua zegoela gaineratzen du.