Emakume baserritarren estatutu «konprometitua» eskatu du EHNEk
Emakume langilearen atzoko egunaren harira EHNE sindikatuak emakume baserritarren lan baldintzak eta erretiroa hartzeko neurriak zehazteko estatutu «konprometitua» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Gaur egungo kotizazio baldintzek eta berriki egin diren erreformek nekazaritzan diharduten emakumeen egoerak gabezia eta neke handiak izango dituela esan du EHNEk. Nekazaritza sindikatuaren emakumeen sailak eman duen datuaren arabera, baserrian lan egiten duten emakumeen %5 bakarrik iristen da jubilazio adinera 35 urte kotizatuta. «Gainera hirutik batek besterik ez ditu kotizazioko 15 urteak pasatzen». Pentsioen erreformak, bestetik, emakumeak nekazaritzan lanean hastea «zaildu» egingo duela aurreikusi du. «Erreforma horrek ez du titulartasun partekatua lortzeko eredu aldaketa bultzatzen. Egun etxeko laguntzaile izendatzen diren 400.000 emakumeetatik gehienek 42 urtetik gora dituzte, eta beraz ez lituzkete pentsio duin bat jasotzeko beharrezkoak diren 25 urteak beteko». Pentsioak ziurtatzeko eta batik bat emakume baserritarrek kotizaziorako dituzten arazoak gainditzeko sektoreko estatututa garatzea ezinbestekotzat jo du. Eusko Jaurlaritza duela urtebete hasi zen emakume baserritarren estatutua garatzen. Azkeneko bileretan jakin denez estatutuak lege izaera izango du. «EHNEk garbi utzi nahi du estatutu horrek izaera profesionalekoa eta konprometitua izan behar duela. Estatutua garatzea ezinbestekoa ikusten dugu, ezin baita adierazpenetan soilik geratu». Emakume nekazarien lan eta pentsio baldintzak kontuan hartuko dituen legedia gara dadin aurrekontua bideratu beharra dagoela gaineratu [...]
Emakume langilearen atzoko egunaren harira EHNE sindikatuak emakume baserritarren lan baldintzak eta erretiroa hartzeko neurriak zehazteko estatutu «konprometitua» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Gaur egungo kotizazio baldintzek eta berriki egin diren erreformek nekazaritzan diharduten emakumeen egoerak gabezia eta neke handiak izango dituela esan du EHNEk.
Nekazaritza sindikatuaren emakumeen sailak eman duen datuaren arabera, baserrian lan egiten duten emakumeen %5 bakarrik iristen da jubilazio adinera 35 urte kotizatuta. «Gainera hirutik batek besterik ez ditu kotizazioko 15 urteak pasatzen».
Pentsioen erreformak, bestetik, emakumeak nekazaritzan lanean hastea «zaildu» egingo duela aurreikusi du. «Erreforma horrek ez du titulartasun partekatua lortzeko eredu aldaketa bultzatzen. Egun etxeko laguntzaile izendatzen diren 400.000 emakumeetatik gehienek 42 urtetik gora dituzte, eta beraz ez lituzkete pentsio duin bat jasotzeko beharrezkoak diren 25 urteak beteko».
Pentsioak ziurtatzeko eta batik bat emakume baserritarrek kotizaziorako dituzten arazoak gainditzeko sektoreko estatututa garatzea ezinbestekotzat jo du.
Eusko Jaurlaritza duela urtebete hasi zen emakume baserritarren estatutua garatzen. Azkeneko bileretan jakin denez estatutuak lege izaera izango du. «EHNEk garbi utzi nahi du estatutu horrek izaera profesionalekoa eta konprometitua izan behar duela. Estatutua garatzea ezinbestekoa ikusten dugu, ezin baita adierazpenetan soilik geratu».
Emakume nekazarien lan eta pentsio baldintzak kontuan hartuko dituen legedia gara dadin aurrekontua bideratu beharra dagoela gaineratu du sindikatuak, eta ondoren betetzen dela ziurtatzeko jarraipen batzordea sortzeko eskaera egin du.
Lehen lan-mahaia Zaldibian
Emakumearen egunaren inguruan EBEL Emakume Baserritarren Elkarteak, bestetik, jardunaldia egin zuen herenegun Zaldibiako Goizane eraikinean. Peruko Mesa de Trabajo de la Mujer Olivense elkargoaren esperientzia ezagutu zuten, bideokonferentzia bidez Limako Los Olivoseko talde ugariren berri jasota.
Hego Amerikan egin dituzten bideak eredu hartuta, Euskal Herrian ere Emakumearen Lan Mahaia sortu du Ebel-ek, herenegun lehen ekitaldia eginda. Goierriko hainbat ordezkarik bertako egoeraren eta arloan burutu diren ekinbideen berri eman zuten. Peruar eta euskal emakume baserritarren taldeen artean elkarlanerako hitza eman zuten.
Marisol Alkaiagak gidatu zuen itsasoz bi aldeetako emakumeen topaketa. Ebel-eko lehendakari izandako Amelia Jauregik elkartearen sorrera 1991n izan zela gogoratu zuen, EHNEren barruan. «Emakumeak elkartzea zen helburua hasieran, baserriak bata bestearengandik urruti daudelako. Gaur egun nekazaritzako gizarte segurantza, baserrietako adinekoen eta menpekoen zaintzan laguntza, eta emakume baserritarraren estatutua gara dadin aitortzea dira aldarrikapenak», esan zuen Jauregik.
Pili Eskisabel nekazariak kontatu zuen baserriko lanaren berri, bereziki ekoizpen ekologikoa, Ordiziako feriaren bidezko dinamizazio lana eta bertako produktuen kalitate-garrantzia azalduz. «Emakume bezala baserrian lan eginda garatzea da nire borroka», gehitu zuen Eskisabelek.
Ainara Ormaetxea immigrazio teknikariak etorkinen egoera Goierrin nolakoa den erretratatu zuen. Gizarte eta lan baldintzetan «kategoria beherakada» jasaten dute etorkinek jatorrizko herrialdeekiko. «Tituluen homologazio faltagatik eta langabezia handiagatik lehen zituzten lanpostuak baino apalagoak hartu behar izaten dituzte. Hobetzeko asmoz etorri ohi dira, baina aurreikuspenak ez dira betetzen», gogoratu zuen Ormaetxeak.