Goierri Garaiko ‘matxeren’ lana aitortu dute Xera saria emanda
Gizartearen alor batean nabarmendu diren emakumeei eman izan diete orain artean Xera saria. Hezkuntzan, kirolean edota berdintasunean, besteak beste. Aurtengo saria Orbegozo lantegi zaharrean lan egindako matxerek jaso dute. Matxerak Zumarragako siderurgia fabrikako produkzioaren lehenengo urratsean aritzen ziren, ikatz-sukaldeetarako edota iturgintzarako piezen lehenengo moldeak egiten zituzten, arrak.
Aurreko mendeko 40. hamarkadatik 70. hamarkadara bitartean, Zumarragako eta Urretxuko emakume askok eta askok lan egin zuten industria arloan. Badiola orrazi fabrikan, zumegintzan eta Orbegozon, batez ere.
Maria Gomez, Martina Ulazia, Kati Rodrigez, Antonia Pereira eta Kloti Corrales matxerak izan dira. Bost emakume horiek, Orbegozo lantegiko hiru belaunalditako beharginak dira.
Fabrikaren bi garai
«1948.an hasi nintzen lanean. ‘Egun on’ esan nuen sartzean eta zortzi egun ere ez nituela egingo pentsatu nuen. Zazpi urtez geratu nintzen. Pozik joaten nintzen lanera. Goizez arrak egin eta arratsaldez zumetara joaten nintzen». Hala gogoratzen du Maria Gomezek, elkartutako matxeren artean beteranoena denak.
Garai hartan Urretxun eta Zumarragan lan beharrean zeuden emakumeak fabriketan lanean hasi ziren. Gomez zazpigarren emakumea izan zen hondarrezko moldeak egiteko zuten gelan. Kati Rodrigez, 1969. urtean hasi zen Orbegozon lanean. Orduan 3.000 lagun inguruk egiten zuten lan fabrikan eta beraien lana «gordinagoa» zela dio.
Maria Gomez eta Martina Ulazia gertuago daude. «Guk erabiltzen genuen hondarrak ez zuen zikintzen, mantala eramaten nuen nik eta horrekin egiten nuen lan», dio Gomezek. «Ni aldatu egiten nintzen. Ez zegoen aldagelarik, baina pinpirina naiz ni eta iltze bat jarrita komuneko atean, han zintzilikatzen nuen arropa», gogoratu du Ulaziak.
Gomezek eta Ulaziak somara lan egiten zuten ondorengo matxerek bezala, ateratako lanaren araberakoa zen etxera astean eramaten zuten soldata. «Gurasoei ematen genien. Gero zure bizitza hasi behar zenuenean poltsikoak hutsik zenituen». Amaren soldata ere gogoan du Ulaziak, «Gure ama matxera izan zen eta 73 pezeta kobratzen zituen astean. Olio bila bidali ninduen behin eta ez zait ahaztuko eskuetan nuen 100 pezetako papera. Olio litro baten truke ordaindu nuen».
Orduan 70 urteko emakumeak eta 14 urtekoak elkartzen ziren arrak egiteko gelan. Emakumezkoen lana zen. «Gizonezkoentzat oso lan zaila da, zehaztasunez egin behar da eta bi eskuen koordinazioa erabatekoa behar du. Gizonik ez genuen nahi soma ez zutelako ateratzen» dio Rodrigezek; beste matxerek ere baietz diote. Gizonezkoen lana hondarra botatzea, makinen matxurak konpontzea eta katearekin jarraitzea izaten zen.
Lehenengo garaiko matxerentzat bizitzako «aldi onak» izan ziren. «Pozik egiten genuen lan, pozik joaten ginen lanera, ezer gutxi genekien eta konformatu egiten ginen» azaldu du Gomezek eta garai gogorragoak ezagutu zituzten matxerek «guretzako ere aldi polita izan» zela onartu dute.
Matxera beteranoenek 1957. urteko greba gogoratzen dute. «Kaleratu egin ninduten. Emakumeak deitzera etorri ziren, manifestazio bat egitera zihoazen eta grisek ez zigutela emakumeoi erasoko esan ziguten. Gure bila etorri ziren eta manifestazioaren aurrean jarri ginen. Orbegozotik atera eta Apariziora joan ginen. Soldatak oso baxuak zirelako egin genuen protesta. Orduan grisak erraz-erraz oldartzen ziren eta greba dela-eta istilu ugari izan zen. Ni kaleratu egin ninduten», Martina Ulazia ez zen Orbegozora bueltatu eta lana ezkontzeko utziko zuen. «Oso normala zen hori, are gehiago, egiten zena horixe zen. Ezkontzera zihoazela eta lana zortzi egun lehenago uzten zen; bost milakoa ematen zizuten eta etxera». Ulaziak kontatzen duen arren, belaunaldien arteko talka handirik ez dago, ia denek lana ezkontzeko utzi zutelako.
«Ez dakit zer den hobea, gurea edo oraingoa. Orain emakumeak lanean daude eta etxean lan egiteari ez diote utzi». Gomezen gogoetarekin bat dator Ulazia; «gu zoriontsuagoak ginenaren sentsazioa dut. Ez genuen ezer, baina alaitasuna bagenuen. Orain dena daukagu eta ez dugu galdu nahi. Nire semeei arrak egitera joateko, etxetik kantatzen ateratzen nintzela esaten diedanean, ez didate sinesten» dio Rodrigezek.
Belaunadi berriko matxeren lan baldintzak gogorragoak izan ziren. Eskuartean zerabilten hondarra hauts beltza uzten zieten arropetako eta azaleko tolestura guztietan. «Umeak baino ez ginen hasi ginenean eta lana gogorra zen» esan du Rodrigezek. «Nire etxean hamar anai-arreba ginen eta hamalau urterekin hasi nintzen lantegian» gehitu du Pereirak. «Saturninoren (Orbegozo) etxera joan ginen lan eske eta berak hurrengo egunean has gintezkeela esan zigun» gogoratu du Rodrigezek. «Hiru ahizpek egin genuen lan matxeratan. Nik, lantegia Agurainera eraman zuten arte, 70. hamarkadan» gehitu du Corralesek.
Gizonekiko harremana ere gordinagoa izan zen, segundu bat ere geratu gabe, 5:40etik 14:00etara edo 14:00etatik 23:00etara lan egiten zuten matxerena. 1969. urtean hasi zen Rodrigez, «ez gintuzten ondoegi tratatzen, ezkutuko lehia zegoela esango nuke, gure lanean gu ginelako onenak». Corralesek argi dauka, «lanaren oinarria geu ginen, kate guztia martxan jartzeko lehenengo urratsa guk egiten genuen. Molderik gabeko piezarik ez dago». Pereirak ez ditu orain artean ahaztu 14 urterekin altxatu behar izaten zituen zamak.
1969. urteko greba
Bigarren garaiko emakumeek, 1969. urteko greba bizi izan zuten; hiru hilabete iraun zuen. «Kalean giroa oso nahasia zen, lan baldintza duinagoengatik borroka egin genuen» dio Rodrigezek. «Grisek kalean gauzak esaten zizkiguten, etxekolanetara bueltatzeko eta horrelakoak». Pereiraren hitzetan ere, hiru hilabete haiek «luzeak» egin zitzaizkien etxean. «Hamar anai-arreba eta soldatarik ez. Aitak eta nik egiten genuen lan eta biak geunden Orbegozon». Bigarren garaiko emakume horiek oraindik ere lotuago zeuden somara, «lana atera behar zen, ez zegoen aitzakiarik».
Beraiek ere ez dakite ziur urte horietan guztietan zenbat matxera egon den; «150 inguru?» Emeak arren munduan. Arren eskuek ez dute balio arrak egiteko, horretarako gaitasuna emeen eskuek baino ez dute. Hori egiten zuten matxerek, arren moldeak emakume eskuz.