Extremadurar zentroaren aste kulturala zapatura arte luzatuko da
La Bellota extremadurar zentroa kultur astea ospatzen ari da egunotan Legazpin. Pasa den zapatuan hasi zituzten ekintzak, eta larunbat honetara arte luzatuko dira. XV. urtea da La Bellota extremadurar zentroak Legazpin kultur astea antolatzen duena. La...
La Bellota extremadurar zentroa kultur astea ospatzen ari da egunotan Legazpin. Pasa den zapatuan hasi zituzten ekintzak, eta larunbat honetara arte luzatuko dira.
XV. urtea da La Bellota extremadurar zentroak Legazpin kultur astea antolatzen duena. Larunbatean hasi zituzten ospakizunak, ongietorri hitzaldiarekin eta ohorezko ardoaren dastaketarekin. Ekintza gehiago burutu dituzte dagoeneko: Extremadurako bideo eta diapositiben emanaldiak, tute eta cuatrola txapelketak edota haurrentzako marrazki lehiaketa eta jolasak. Gaur igel eta uztai txapelketa egingo dituzte, 18:00etan elkartearen egoitzan, San Inazio auzoan. Bihar zaku lasterketa, sokasaltoa, puxikak… izango dira, baina berezitasun batekin: 18 urte baino gehiago dituzten «umeentzako» izango dira. 18:30ean hasiko dituzte jolas hauek, oraingoan ere San Inazion. Etzi, azkenik, 19:00etan Zumarragako jubilatu antzerkiaren emanaldia ikusteko parada izango dute eta jarraian, 21:30ean, kultur astearen amaiera ospatzeko afaria egingo dute elkartekideek. Afariaren atzetik dantzaldia egongo da.
Zentroen eguna
Pasa den maiatzaren 18an Euskal Autonomia Erkidegoko extremadurar zentroen topaketa ospatu zuten Legazpin. 28. urtea zen halako festa batean biltzen zirena, eta 16 elkartek hartu zuten bertan parte, besteak beste, Santurtzitik, Barakaldotik, Bilbotik, Astrabudua-Erandiotik, Galdakaotik, Ermuatik, Durangotik edota Donostiatik etorriak. Egun osoko festa ospatu zuten, instituzioen ordezkariak ere han izan ziren, bai Legazpiko Udalaren ordezkariak eta baita Eusko Jaurlaritzakoak ere.













