Antxon Mendizabalen lanak ikusi daitezke Aterpen
Mendizabal, Aterpe tabernan Antxon Mendizabal eskultorearen lanak Aterpe tabernan ikusi daitezke. Egurra tailatzen du Mendizabalek, eta lanak urriaren 27ra arte egongo dira ikusgai. Azken hilabete hauetan, figuratibismoan murgildurik dagoela jakinar...
Antxon Mendizabal eskultorearen lanak Aterpe tabernan ikusi daitezke. Egurra tailatzen du Mendizabalek, eta lanak urriaren 27ra arte egongo dira ikusgai. Azken hilabete hauetan, figuratibismoan murgildurik dagoela jakinarazi du Mendizabalek, baina erakusketan lan abstraktuak ikusi daitezke. Basoa, zuhaitza, eta zura menderatu beharreko materialak beharrean, eskulturgintzan “lankide emankorra” direla esan du.
Abstrakziotik “indarra duena” du gustuko artistak, “marra oker eta zuzenek eskaintzen dituzten jolaserako joerak eta ikuspuntuak”. Izan ere, marra horiek, “arrazari eta sentimenei dagozkie” eta “errealitate edo surrealismoaren artekoak” dira. Forma errazak, angelutsuak eta behin eta berriz landutakoak erabiltzen ditu bere lanak egiteko, “hasierako asmoak guztiz lortu edo, gutxienez, haietara ahalik eta gehien inguratu nahian”.
Lan hori eginda, giza gorputza irudikatzen saiatzen da Mendizabal, “samurtu eta leundutako modu batez, azaleko xehetasunik gabe eta forma zabal eta orokorren bidez”. Forma horiekin, objetuen eta espaziaren artean oreka lortzen saiatu da eta, era berean, “gorputzen higidura eta irudi antropomorfikoak” harremanetan jartzen ditu, “giza gorputzaren oinarrizko funtsa azpimarratuz”.
Erakusketa ohiko ordutegian ikusi ahalko da: astelehenetik ostiralera 12:00etatik 22:00etara eta larunbat, igande eta jai egunetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara. Antxon Mendizabali buruzko informazio gehiago www.mendi.info webgunean aurkitu daiteke.