Denboraldi berria bihar hasiko du ‘Bixi-Bixi’ irratsaioak
Bixi-Bixik bihar hasiko du denboraldi berria, Segura irratian. Aurtengoa irratsaio hori egiten duten bosgarren ikasturtea da. Bixi-Bixi Segurako Hitz edo irri euskaraz elkarri euskara taldeak bultzatuta hasi ziren egiten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, eta bertako Udalaren babesa izan du hasieratik. Irratsaioaren oinarria euskara eta euskal mundua dira. Lau urtetan guztira 137 saio egin dituzte, eta aurten beste 34 egitea aurreikusten dute, gaur hasi eta ekainaren 20ra bitartean. Bixi-Bixi asteazkenetan egiten dute. Lierni Elortzak koordinatzen du, eta aurkezle lanetan ere bera aritzen da. Santos Beloki Hitz edo irri euskaraz elkarriko kidea eta Aitor Calvillo Segurako EBPNren kudeatzailea ere Segura Irratiko estudioan izaten dira Elortzarekin batera. Hiru esatari horiez gain, gonbidatu askok parte hartzen dute astero-astero. «Erantzun baikorra» Elortzaren hitzetan aurreko lau edizioetan “oso erantzun baikorra izan du egitasmoak, bai entzuleen aldetik, eta baita helburu berarekin lanean ari diren beste elkarteen aldetik ere”. Beraz, aurten ere ildo beretsutik segituko dute, tarte gehienak mantenduz eta berriak aurkeztuz. Atal berrietako batean esaterako, Elhuyarrekoek parte hartuko dute. “Zientziaren komunikazioan euskaraz aintzindaria da Elhuyar, eta hainbat gai izango dituzte hizpide hilabetean behin”, dio Elortzak. Beste atal batean, mahai inguruak antolatuko dituzte, Goierriko Hitzarekin eta Goierritarra-rekin batera. Mahai inguru horietan eskualdeko gaiak zein gai zabalagoak izango [...]
Bixi-Bixik bihar hasiko du denboraldi berria, Segura irratian. Aurtengoa irratsaio hori egiten duten bosgarren ikasturtea da.
Bixi-Bixi Segurako Hitz edo irri euskaraz elkarri euskara taldeak bultzatuta hasi ziren egiten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, eta bertako Udalaren babesa izan du hasieratik. Irratsaioaren oinarria euskara eta euskal mundua dira. Lau urtetan guztira 137 saio egin dituzte, eta aurten beste 34 egitea aurreikusten dute, gaur hasi eta ekainaren 20ra bitartean.
Bixi-Bixi asteazkenetan egiten dute. Lierni Elortzak koordinatzen du, eta aurkezle lanetan ere bera aritzen da. Santos Beloki Hitz edo irri euskaraz elkarriko kidea eta Aitor Calvillo Segurako EBPNren kudeatzailea ere Segura Irratiko estudioan izaten dira Elortzarekin batera. Hiru esatari horiez gain, gonbidatu askok parte hartzen dute astero-astero.
«Erantzun baikorra»
Elortzaren hitzetan aurreko lau edizioetan “oso erantzun baikorra izan du egitasmoak, bai entzuleen aldetik, eta baita helburu berarekin lanean ari diren beste elkarteen aldetik ere”. Beraz, aurten ere ildo beretsutik segituko dute, tarte gehienak mantenduz eta berriak aurkeztuz.
Atal berrietako batean esaterako, Elhuyarrekoek parte hartuko dute. “Zientziaren komunikazioan euskaraz aintzindaria da Elhuyar, eta hainbat gai izango dituzte hizpide hilabetean behin”, dio Elortzak. Beste atal batean, mahai inguruak antolatuko dituzte, Goierriko Hitzarekin eta Goierritarra-rekin batera. Mahai inguru horietan eskualdeko gaiak zein gai zabalagoak izango dituzte aztergai. “Goierriko ikuspegitik aztertuko ditugu gaiak, okasiorako aukeratutako solaskideekin”. Bestalde, Euskal Herritik kanpo euskararen presentziaren lekukotasunak biltzen dituen tartea ere zabalduko dute hilabetean behin, irratsaioaren barruan.
Ohiko atalen artean daude, besteak beste, eguneko gaia, euskaltegietako irakasleen ekarpenak, EBPNren berriak, Euskara jalgi hadi plazara atala, albisteak, Erlearen tartea eguneroko adibideetan oinarritua euskararekiko jarrerak gaitzetsi edota txalotzeko, Segurako liburutegiko arduradunaren aholkuak eta enpresetako euskara planen berriak.
Elortzak aipatu duenez entzuleen parte hartzeak “berebiziko garrantzia” du beraientzako. Horregatik entzuleek asteazkenetan zuzenean parte hartzeko aukera izango dute, saioak irauten duen bitartean 943 80 10 41 telefono zenbakira deituta. Nahi duenak bixibixi@euskalerria.com helbidera ere bidali ditzake iradokizunak, proposamenak edota iritziak.
Ordezkari publikoak
Biharko irratsaioan udatik erakunde publikoetan lanean ari diren zenbait ordezkari berri aurkeztuko dituzte. 12:15etatik aurrera, Bixi-Bixin izango dira Eluska Gerriko Segurako alkatea, Asier Alustiza Segurako euskara zinegotzia eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia. Gonbidatu horiez gain, Santos Beloki eta Aitor Calvillo ere Segura irratiko estudioan izango dira.
Saioa zuzenean jarraitzeko aukerarik ez duenak ostegunean, 19:00etan, edota igandean, 08:00etan, entzun ahalko du.