Hamar bikotek parte hartuko dute Euskal Herriko Dantza Txapelketan, Seguran
Hamar bikotek parte hartuko dute igandean 18:00etatik aurrera Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko duten 35. Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Bikote horietatik zazpi gipuzkoarrak dira, eta hiru bizkaitarrak. Iaz bezala aurten ere ez dago goierritarrik lehiakideen artean. Oholtza gainean lehiatuko diren bikoteetatik zortzi, neska-mutilek osatutakoak dira, eta bi neskek osatutakoak. Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko ditu. Fandangoa Segurako txistulariek joko dute, eta arin-arina Joseba Iparragirre eta Ander San Jose trikitilariek. Epaimahaia bost lagunek osatuko dute: Antton Mendizabalek, Carlos Sarriegik, Gabriel Alonsok, Izaskun Iturrik eta Rafa Salaberriak, eta lau atal baloratuko dituzte: Oinak nola mugitzen dituzten. Alegia, zein pauso ematen dituzten eta zein teknika erabiltzen duten; Zailtasuna; Gorputzaren goiko aldea nola mugitzen duten; dantzarien arteko koordinazioa eta zer transmititzen duten eta erritmoa. Bikoteek akatsak eginez gero berriz, zigorrak jarriko dizkiete. Lau arlo horiek kontutan hartuta emaitzarik onena ateratzen duenak irabaziko du txapelketa, eta beraz, Segurako Udalaren sari nagusia: Nestor Basterretxeak egindako eskultura. Sari hori lehendabizi sailkatzen den bikoteak ordezkatzen duen herriko udaletxean gordeko dute hurrengo lehiaketara arte. Bikote berak hiru aldiz segidan edo bost urtean txandaka irabazten badu, bikote irabazlea ordezkatzen duen Udala egingo da eskulturaren jabe. Momentuz sei bikote dira ohore horren jabe: Joxe Joan Ugalde eta Lurdes Esnaola (Lezo), [...]
Hamar bikotek parte hartuko dute igandean 18:00etatik aurrera Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko duten 35. Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Bikote horietatik zazpi gipuzkoarrak dira, eta hiru bizkaitarrak. Iaz bezala aurten ere ez dago goierritarrik lehiakideen artean. Oholtza gainean lehiatuko diren bikoteetatik zortzi, neska-mutilek osatutakoak dira, eta bi neskek osatutakoak.
Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko ditu. Fandangoa Segurako txistulariek joko dute, eta arin-arina Joseba Iparragirre eta Ander San Jose trikitilariek.
Epaimahaia bost lagunek osatuko dute: Antton Mendizabalek, Carlos Sarriegik, Gabriel Alonsok, Izaskun Iturrik eta Rafa Salaberriak, eta lau atal baloratuko dituzte: Oinak nola mugitzen dituzten. Alegia, zein pauso ematen dituzten eta zein teknika erabiltzen duten; Zailtasuna; Gorputzaren goiko aldea nola mugitzen duten; dantzarien arteko koordinazioa eta zer transmititzen duten eta erritmoa. Bikoteek akatsak eginez gero berriz, zigorrak jarriko dizkiete.
Lau arlo horiek kontutan hartuta emaitzarik onena ateratzen duenak irabaziko du txapelketa, eta beraz, Segurako Udalaren sari nagusia: Nestor Basterretxeak egindako eskultura. Sari hori lehendabizi sailkatzen den bikoteak ordezkatzen duen herriko udaletxean gordeko dute hurrengo lehiaketara arte. Bikote berak hiru aldiz segidan edo bost urtean txandaka irabazten badu, bikote irabazlea ordezkatzen duen Udala egingo da eskulturaren jabe. Momentuz sei bikote dira ohore horren jabe: Joxe Joan Ugalde eta Lurdes Esnaola (Lezo), Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta (Donostia), Edu Murumendiaraz eta Amaia Agirre (Bergara), Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde (Azkoitia), Parrondo anai-arrebak (Hernani) eta Azpitarte anaia-arrebak (Azkoitia).
Sari nagusiaz gain, beste hainbat ere banatuko dituzte, hala nola, txapelketaren sortzailea eta bultzatzailea izan zen Guillermo Areizagaren oroimeneko saria. Lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean puntuaziorik hoberrena lortzen duenak etxeratuko du. Aurten lau bikote dira berriak.
Zuzenean jarraitu ahalko da
Saioa Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute. Epaimahiaren balorazioa ere bilduko dute eta horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritziak eta inpresioak jasoko dituzte. Elkarrizketak Agustin Ezenarrok egingo ditu. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, Sor-K ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, Aiert Beobideren zuzendaritzapean.
Lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.com webgunean eta telebistaz berriz, urriaren 12an, asteazkenean, emango dute ETB-1ean, 22:00ak inguruan.