Patxi Arrondo bolari zeraindarrak irabazi du Osinalde txapelketa
Patxi Arrondo zeraindar bolariak irabazi zuen larunbatean Gabiriako 18. Osinalde Bola Txapelketa, Alkain-Buru bolatokian 40 partaideren artean jokatutakoa. Seiko jokoarekin fidel izan zen Arrondo. Lehiaketako sei tiraldietan seina puntu lortu (36 dener...
Patxi Arrondo zeraindar bolariak irabazi zuen larunbatean Gabiriako 18. Osinalde Bola Txapelketa, Alkain-Buru bolatokian 40 partaideren artean jokatutakoa. Seiko jokoarekin fidel izan zen Arrondo. Lehiaketako sei tiraldietan seina puntu lortu (36 denera), kitarakoan bost bolariren artean ere beste hiru seiko bota, eta azkeneko buruz burukoan Jose Mari Ugarte legazpiarrarekin ere hutsik egin gabe amaitu zuen.
Bigarren Ugarte legazpiarra sailkatu zen, ondoren Antonio Goenaga hernaniarra, Jabier Zabaleta aztiriarra eta Antonio Alustiza zeraindarra. Lehen bostek zuten saria, eta 36ko jokoa lortu zuten horiek guztiek.
Herritarren artean (12 ziren denera) Zabaleta izan zen onena. Ondoren Felix Maiz (35) eta Aimar Maiz (33) geratu ziren. Gazte mailan, Iban Maizek eskuratu zuen Etxahun Garaikurra, Etxahun Gorrotxategi bolari zenaren familiak jarritakoa.
Sari gehiago ere izan zen. Zazpikoa jotakoen artean onena Antonio Agirre segurarra izan zen. Lau bolarik bota zituzten 7koak. Nikolas Igartzabal gabiriarrak ere balentria egin zuen: 8koa bota zuen. Bolatoki horretan 20 urtean beste behin bakarrik gertatua da, Segundo Aranburuk txapeldun izan zen urtean joa, hain zuzen.