Aitor Sarriegi bertsolaria
Aitor Sarriegi beasaindarrak eta Nerea Elustondo legazpiarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdenetako saio banatan parte hartuko dute asteburuan. Sarriegi Hondarribian izango da bihar, eta Elustondo Idiazabalen, etzi.
Hondarribiako kanporaketa Jostaldi pilotalekuan izango da, 17:30etik aurrera. Aitor Sarriegirekin batera, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Alaia Martin, Nahikari Gabilondo eta Haritz Casabal arituko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan berriz, Itziar Etxezarretan arituko da.
Tenperatura hartu gabe
Sarriegi orain sartuko da lehiaketen zurrunbiloan. Astean behin saiotxo bat egiten saiatu arren, entrenamendu seriorik ez duela egin aitortu du. Hasteak alferkeria ematen dio. «Nik pentsatzen dut gora igo eta lehendabiziko bertsoa botatakoan beste sentsazio bat izango dudala». Dituen aukerei buruz galdetuta, edozer gertatu daitekeela erantzun du. «Paperaren gainean esan daiteke: honek pasatu egingo du. Baina beti izaten dira ustekabeak lehian». Horregatik, azken helburu gisa tontorra jarri arren, aurreko pauso denak eman egin behar direla dio, eta beraz, orain finalaurrekoetara pasatzea dela xedea.
Idiazabalgo kanporaketa Igarondo pilotalekuan izango da etzi, 17:30etik aurrera. Nerea Elustondorekin batera, Ainhoa Agirreazaldegi, Felix Zubia, Jon Martin, Oier Aizpurua eta Uxue Alberdik parte hartuko dute. Gai jartzaile lanak berriz, Inaxio Usarraldek hartuko ditu bere gain.
Nerea Elustondorentzat ez da izango txapelketako lehen saioa, baina momentu honetan oso lanpetuta dabil ikasketekin, eta igandeko kanporaketaz ez du gehiegi pentsatu. Final zortzirenetan lehen postuan sailkatuta gustura dago, baina ardura pixka bat ere ematen dio. «Lehen fasean gauzak nahiko ondo atera zitzaizkidanez, orain ere horrela atera behar zaizkidala ematen du, eta ez dauka zertan. Faktore asko daude eragiten dutenak». Badaki, ordea, azkena ere geratu daitekeela, eta hori ere nahiko barneratuta duenez, ez du presio handiegirik sentitzen.