Lau musika emanaldirekin hartuko dute azaroa Legazpin eta Urretxun
Udazkenarekin batera musika emanaldiak ugaritu egingo dira Goierri Garaian. Urretxun Udazkeneko musika zikloarekin jarraituko dute; Legazpin, berriz, arazoarekin batera hasiko dituzte musika emanaldiak. Iraurgi abesbatzak ireki zuen Urretxun pasa den ...
Udazkenarekin batera musika emanaldiak ugaritu egingo dira Goierri Garaian. Urretxun Udazkeneko musika zikloarekin jarraituko dute; Legazpin, berriz, arazoarekin batera hasiko dituzte musika emanaldiak.
Iraurgi abesbatzak ireki zuen Urretxun pasa den igandean musika zikloko egitaraua. Asteartean jarraituko du honek, azaroaren 1ean, Ukrainiako Oreya abesbatzaren kontzertuarekin. Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartuko du Oreyak aurten, Alexander Vatseken zuzendaritzapean. 19:00etan hasiko dute emanaldia, Urretxuko Martin Deunaren elizan. Bigarren emanaldi bat ere egingo dute Urretxun datorren astean. Urretxuko eta Zumarragako Goiargi abesbatzak igandean, hilaren 6an, kantatuko du, leku eta ordu berean.
Legazpin datorren astean ekingo diote musika zikloari. Bi emanaldirekin hasiko dute musikaldia. Larunbatean, hilak 5, Lasarteko Alboka abesbatzak irekiko du zikloa, 20:00etan elizan. Igandean, Pello Ramirezek eta Xabier Zeberiok hartuko dute lekukoa. On ikuskizuna eskainiko dute, 13:00etan Latxartegi aretoan.
Azaroko musika zikloa beste zortzi emanaldik osatuko dute. Alaitasuna Errondaila, Durangoko musika banda, Doinua musika eskolako ikasleak, Gu geu ganbara taldea, Hariots laukotea edo Arimaz kamera orkestra tartekatuko dira Legazpiko oholtzetan. Santa Zezilia kontzertua ere egingo dute herriko musika taldeek azaroaren 19an.