Zozkatu dituzte Agauntzako 13 etxebizitza tasatuak
Zozketako une bat Agauntza eremuan Eusko Jaurlaritzak eraikitako 13 etxebizitza tasatuen zozketa egin dute Usurbe antzokian. Goizeko 11:00etarako ia interesatu guztiak antzokiko eserlekuetan lekua hartuta zeuden, zoriak gaurko zer opa zien jakin nah...
Agauntza eremuan Eusko Jaurlaritzak eraikitako 13 etxebizitza tasatuen zozketa egin dute Usurbe antzokian. Goizeko 11:00etarako ia interesatu guztiak antzokiko eserlekuetan lekua hartuta zeuden, zoriak gaurko zer opa zien jakin nahian. Halakoetan ohikoa izaten den eran, gaur ere batzuk pozik eta besteak ez horrenbeste.
Hamahiru etxebitza tasatuetarako 176 beasaindar zeuden zerrendan. Urritasunen bat duenarentzat egokitutako etxebizitza bat zozkatu dute hamahiru horien artean, eta zerrendan kide bakarra zegoenez baldintza horiek betetzen zituena, hark lortu du etxebizitza. Etxebiden izena emanda lau urte baino gehiago daramaten beasaindarren artean zozkatzeko bost etxebizitza zituen Eusko Jaurlaritzak, eta 59 herritarrek eman dute izena bizitza horietako bat lortzeko. 25 eta 35 urte arteko gazteentzako 6 etxebizitza gorde ditu Jaurlaritzak Agauntza, eta izena emanda 85 zeuden. Etxebizitza orokorra deitutako sailean 31 hautagai zeuden etxebizitza bakarrerako.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek jakitera eman dutenez, arratsalderako Etxebideren webgunean egongo da etxebizitzak eskuratzeko aukera duten herritarren zerrenda eta itxaron zerrenda.