“AHTren lanen eragina gutxitzea da gaur egun, Ezkio-Itsasoko Udalaren helburua”
Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkate izango da datozen bi urtetan. Denbora hori igarotakoan, zerrendan joandako beste herritar batek hartuko du lekukoa. Bien bitartean, Etxanizek eta bere taldeak zeregin ugari dute esku artean. AHTren lanek ahalik eta eragin txikiena izatea da Ezkio-Itsasoko Udalaren helburua, baina ez da esku artean duen erronka bakarra. Etxanizek asmo horiei buruz hitz egin du, besteak beste. Maiatzean hauteskundeak egin eta berehala udako oporrak etorri ziren. Etenaldia suposatu zuen horrek askorentzat, eta antolaketa lanak oporren ondorenerako utzi beharra. Oporren ondoren, aurreko agintaldiko zinegotzi batzuk lanean jarraitu zuten, lehengo zenbait lan bukatzen. Alkatetzan ere aldaketarik ez zen izan, eta lehengo gaiei jarraipena eman genien. Ez genuen beraz, gauzak berpentsatu eta dinamika berri bat martxan jarri beharrik izan. Horregatik, zinegotziek erreleboa hartu arren, gure kasuan ez zen etenaldia gauzatu. Batzordeei dagokionean antolaketa bera da edo aldaketak egin dituzue? Aldaketa bat edo beste egin dugu. Guk orain arte industria, etxebizitza eta azpiegiturak batzorde bakar batean bildu izan ditugu. Datozen hiru-lau urteetan etxebizitzak garrantzi handia hartuko du gure ustez, eta pisu gehixeago eman nahi izan diogu gai horri. Zinegotzi batek hartuko du batzorde horren ardura. Industrian ere erronka berriak ditugu, eta gai horrekin ere beste horrenbeste egin dugu. Beste batzorde berri bat [...]
Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkate izango da datozen bi urtetan. Denbora hori igarotakoan, zerrendan joandako beste herritar batek hartuko du lekukoa. Bien bitartean, Etxanizek eta bere taldeak zeregin ugari dute esku artean. AHTren lanek ahalik eta eragin txikiena izatea da Ezkio-Itsasoko Udalaren helburua, baina ez da esku artean duen erronka bakarra. Etxanizek asmo horiei buruz hitz egin du, besteak beste.
Maiatzean hauteskundeak egin eta berehala udako oporrak etorri ziren. Etenaldia suposatu zuen horrek askorentzat, eta antolaketa lanak oporren ondorenerako utzi beharra.
Oporren ondoren, aurreko agintaldiko zinegotzi batzuk lanean jarraitu zuten, lehengo zenbait lan bukatzen. Alkatetzan ere aldaketarik ez zen izan, eta lehengo gaiei jarraipena eman genien. Ez genuen beraz, gauzak berpentsatu eta dinamika berri bat martxan jarri beharrik izan. Horregatik, zinegotziek erreleboa hartu arren, gure kasuan ez zen etenaldia gauzatu.
Batzordeei dagokionean antolaketa bera da edo aldaketak egin dituzue?
Aldaketa bat edo beste egin dugu. Guk orain arte industria, etxebizitza eta azpiegiturak batzorde bakar batean bildu izan ditugu. Datozen hiru-lau urteetan etxebizitzak garrantzi handia hartuko du gure ustez, eta pisu gehixeago eman nahi izan diogu gai horri. Zinegotzi batek hartuko du batzorde horren ardura. Industrian ere erronka berriak ditugu, eta gai horrekin ere beste horrenbeste egin dugu. Beste batzorde berri bat ere sortu dugu: Abiadura Handiko Trenaren inguruan lana egingo duen batzordea. Beste batzordeak (Kultura, Nekazaritza eta Gizarte Zerbitzuak) bere horretan mantendu ditugu.
Zuk bi urteko eskarmentua duzu alkate moduan. Eta beste bi urterako konpromisoa hartu duzu.
Bai, hala da. Aurreko legegintzaldiko bi urteetan ni izan nintzen alkate, eta datozen bietan ere zeregin horretan arituko naiz. Beste bi urteetan, zerrendan joan zen gazteetako bat nahi dugu alkate izatea. Jakin badakigu oso zaila izaten dela zerotik hastea, eta formula honen bidez errezagoa iruditzen zaigu jende berria Udaleko lanetara gehitzen joatea.
Izendatuta dago zein izango den?
Izena ez, baina irizpideak markatuta dauzkagu. Pertsona egokia izan behar du. Berak sinetsi egin behar du, eta gogotsu heldu behar dio ardura horri. Dena den, pertsona gazte baten aldeko apostua egiten dugu.
Aurreko legegintzaldian herritarrek osatutako bi zerrenda izan ziren. Tentsioa ere sortu zen herrian. Aurten bakarra ateratzeko erabakia hartu zenuten. Eguneroko martxan diferentziarik nabaritu al duzue?
Gaur egun ez. Etxeko lanak joan den legegintzaldian egin genituen. Egia da, hasieran, tentsioa sortu zela, gai hori nola eraman zen ikusita, baina azkeneko hiru urteetan talde bakar moduan funtzionatu izan dugu. Hiru urte horietan elkarrekin lan egiten jakin dugu, eta gauzak erraztu egin dira. Hauteskunde hauei begira herrian dauden iritzi politiko guztiak bat zetozen zerrenda bakarra atera behar zela. Ez zen inongo momentutan zalantzan jarri, eta horixe egin genuen.
Ezkio-Itsasok fisikoki ezaugarri bereziak ditu, auzo desberdinetan banatuta dagoelako, eta batetik bestera hainbat kilometroko distantzia dagoelako. Herri izaerarik badago edo zerbait artifiziala da?
Herri izaera dudarik gabe badago. Hainbat ekintza herri moduan antolatzen ditugu. Gainera, auzo guztietako bizilagunek parte hartzen dute dinamika horretan. Badago, ordea, auzo bakoitzaren izaera mantentzearen aldeko joera ere. Askotan, gainera, herri dinamikarik ez da izaten auzo dinamikarik ez badago. Behetik gora egin behar dira gauzak. Auzo dinamika indartsua badago, beti errezagoa izango da herrian ere mugimendua egotea. Herri honek, beraz, bi gauzak ditu eta nik uste dut biak direla aberasgarriak. Egia da, bestalde, herri dinamika egoteko baldintza batzuk behar direla, eta gu baldintza zailetan mugitzen garela.
Zein dira zailtasun horiek?
Herri dinamika errazteko azpiegitura batzuk falta zaizkigu: esaterako Lehen Hezkuntzako zentro bat eta Ezkio eta Itsaso batuko dituen errepide bat. Kirol instalazioak oso sakabanatuta ditugu eta kultur instalazio bakarra dugu. Guzti horrek zaildu egiten du jendearen mugikortasuna. Auzoetatik zentrora joatea zailago bihurtzen du. Beste arazo bat ere badugu: erdigune garbirik ez dugula Ezkio-Itsason. Santa Lutzi bailara izan liteke erdigunea, baina egun oraindik ez da leku atsegin bat jendea erakarri ahal izateko.
Ezkio-Itsaso eskualde baten parte ere bada.
Gure iritziz historiak markatu du Ezkio-Itsasoren kokapena: erabaki politiko bat dela medio dago Urola Garaiko mankomunitatean. Ezkio-Itsaso hiru herri handirekin batera dago mankomunitate horretan, eta hor gora-behera handiak sortzen dira. Azkenean 600 biztanlenko herri bat gara, eta beste hiru herrien artean 30.000 biztanletara iristen dira. Biztanleei dagokionean desoreka izugarria dago, beraz. Baina badaude beste desoreka batzuk ere: azpiegitura mailako desorekak, industria mailakoak (gune handia du Ezkio-Itsasok), lur-sailei dagozkionak (Ezkio-Itsasok lur sail asko du eta besteek gutxi). Badago beraz, interes berezi bat guzti horretan, eta mankomunitatearen gainetik Gipuzkoako Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan Lurraldeko Plana egin dute, gure iritzia kontutan hartu gabe. Plan horren arabera Ezkio-Itsaso pasoko herri moduan hartzen dute. Bi lerro nagusi daude: Beasain-Ordizia eta Zumarraga-Urretxu. Ezkio-Itsaso pasoko herri bezala dutenez, industria eta zerbitzuak bertan kokatzea aurreikusten dute, baina herri izaera kontutan hartu gabe. Horregatik uste dugu Ezkio-Itsasok ez duela presentzia garbi bat eskualdean.
Zure ustez gehiago izan beharko luke?
Bai, nik ust du Ezkio-Itsasok presentzia handiagoa eduki beharko lukeela, eta Ezkio-Itsasoren egoera Goierri osoak hartu beharko lukeela kontutan. Ez da posible gaur egun herri batek bere proiektuak aurrera eramatea, eta aldemeneko herriaren proiektua kontutan ez hartzea. Hori askotan gertatzen da herri txikiekin. Arlo askotan eskualde mailako ikuspegia eduki behar dela uste dut. Eskualde mailako ikuspegia non aberastasuna eta aurrerapena herri guztietara etorriko den. Modu diferentean, baina aberastasuna, azken finean. Ez da egokia esaterako, mugikortasunaren arloan Beasainen edo Zumarragan proposatzen den proiektu bat Gabirian, Ezkio-Itsason edota Ormaiztegin aplikatzea. Kasu horretan beste proiektu bat aplikatu beharko da herri txiki horietan eta nire ustez horrela izan behar du beste arloetan ere: hezkuntzan, zerbitzuetan etab.
Herri txikia izan arren ekitaldi ugari antolatzen dituzue. Mugimendu dezenteko herria da. Zein dira mugimendu horren eragileak?
Pertsonak dira. Herri honetan pertsona oso dinamikoak daude. Pertsona horiek duela zenbait urte Yartu kultur elkartea sortu zuten. Nik uste dut elkarte hori dela herri honen motorra. Ezkio-Itsasok herri izaera izan dezan eta herrian hainbat ekintza antolatzeko funtsezkoa da Yartu.
Motor horrek indartsu segitzen du?
Bai, egun indartsu segitzen du motorrak. Dena den, betiko kezka ere hor dago: alegia, erreleboa nola ziurtatu. Nik uste dut denborak erakutsiko duela hori nola egin. Egun ziurtatu liteke, ordea, dinamika horrek aurrera jarraituko duela urte batzutan.
Herri txikia izan arren, hazten segitzeko aukerak ditu Ezkio-Itsasok. Zenbateraino haztea nahi duzue?
Ezkio-Itsason 620 lagun bizi gara, baina oso sakabanatuta gaude, auzo desberdinak baititugu. Horregatik, Santa Lutziko gunea handitu eta benetako herrigune bilakatzea nahi dugu. Apostua hori da. Momentu honetan 50 etxebizitzako proiektua gauzatu dugu, eta orain beste 21 etxebizitzako proiektua jarriko dugu abian. Horrek herrigune horretan bizi den jende kopurua haztea ekarriko du eta hori positiboa da. Zentzu horretan gure erronketako bat da hezkuntza mailan linea bat irekitzea, ume kopuru jakin bat izatea beharrezkoa baita gure geroa ziurtatzeko. Herrigunean jende gehiago bizitzeak beste erronka bat ere sortzen digu, ordea: herriak bere kulturari, bere hizkuntzari eusteko jendea integratzea. Herri dinamika horretan lan bat gehiago suposatzen du horrek.
Ezkio-Itsaso albiste da AHT bertatik igarotzeaz gain, ia bi kilometroko geltoki bat egin behar dutelako bertan. Nola ikusten du herriak?
Herriak ikusten duena da proiektua gustokoa ez izan arren, inposatzen ari direla leku guztietan, eta honaino ere iritsi dela. Orain arte sinesgaitza egiten zitzaiguna jada etxe atarian dugu. Beraz, proiektu horren helburuarekin eta zergatiekin bat egin ez arren, obrak gainean ditugunez, jendeak une honetan nahi duena da, lan horien eragina ahalik eta txikiena izatea. Ezin dugu besterik egin, azken finean Ezkio-Itsasok ez baitu indarrik hori gelditzeko.
Zenbat herritarri eragiten dio zuzenean proiektu horrek?
Ezkio-Itsason hiru zati egingo dituzte: geltokia, Zumarragarekin lotura eta Beasainekin lotura. Guzti hori kontutan izanda, 100dik gora lur-jaberi eragingo die proiektu horrek.
Zein da Udalaren jarrera?
Egun Udalaren jarrera, jarrerapragmatikoa da. Gure helburuak obra horren eragina gutxitzea eta herritarrei suposatzen dizkien kalteak edo eragozpenak nolabait bideratzea eta negoziaketa baten bidez saihestea dira. Helburu horiek bete daitezen bitartekoak jarri ditu Ezkio-Itsasoko Udalak.
Bulegoa ireki duzue, ezta?
Bai, bulegoa ireki dugu udaletxean, eta astean behin bertan egoten dira gure teknikariak (arkitekoa eta aparejadorea) herritarrek kontsultak egin ditzaten, beraien kezkak argitu ditzaten…
Udalaren gain doa gastu hori?
Ez. Ezkio-Itsasoko Udalak ezin ditu mantendu bi tekniko horiek lan horien jarraipena egin dezaten, AHTren lanek sei-zazpi urte iraungo baitute. Hori ikusita Udalak duela urte bat Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eudelera jo zuen gure kasua azaldu asmoz. Bai batak zein besteak laguntza teknikoa bideratzeko beharra ikusi zuten, baina urte bat pasatu eta gero, ez ziguten eman erantzun positibo bat. Horregatik, gure eskaera Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailera bideratu genuen, eta Euskal Trenbidea Sarekoekin batera, urtero 25.000 euroko diru-laguntza emateko konpromisoa hartu zuen. Diru kopuru hori herritarrei aholku teknikoa emateko izango da.
Bulegoa noiz arte egongo da irekita?
Herritaren kezkak jasotzeaz eta beraiei aholkuak emateaz gain, bulego horrek obraren jarraipena ere egiten du, eta beraz, gure asmoa da, lanek irauten duten bitartean irekita edukitzea.
Harrera ona izan du?
Bai, harrera oso ona izan du, eta egun uste dut eraginkorra dela jendeak dituen kezkak argitzeko.
AHTko lanen jarraipena egiteaz gain, zein beste erronka duzue?
Plan Estrategikoan daude jasota gure erronka nagusiak. Horietako bat da Ezkio eta Itsaso errepide batekin lotzea. Guretzako lehentasuna dauka horrek, elkarbizitza gauzatze aldera. Santa Lutzi gunea gune urbano bihurtzea ere erronken artean dugu. Horrek suposatzen du Gi-6321 errepidea bulebar bihurtzea. Proiektua onartuta dago Gipuzkoako Foru Aldundian, eta faseka ari gara egiten. Hirugarren erronka da, herriak daukan industrigune handi hori autobiara bideratzea, eta bertara joan behar duten ibilgailuak herriaren erditik ez pasatzea. Hori ere onartuta dago Foru Aldundian. Onartutakoaren arabera, autobiari irteera bat egingo zaio Santa Lutzi gunera eta irteera horretara lotuko dira industrigunera doan errepidea eta abiadura handiko trenaren geltokira doan errepidea. Horrek lasaitu egingo du herrigunea. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Planaren arabera, Alegiko bailaran industrigunea kokatzea aurreikusten dute. Hori geldiaraztea eta momentuz zona horiek lurraren erabilpenerako erreserban uztea da gure nahia. Ez dugu zona hori hipotekatu nahi. Beste proiektuak gauzatzen ez diren bitartean ez dugu nahi herria beste kanpoko proiektu bati erantzuten hastea.














