Baratzean, askotariko fruituak
Urte batzuk badarama Goierriko ikastetxe multzo batek ikasleentzat baratzea jarri eta haiek lantzen. Eskolaren inguruko lur sailetan barazkiak, loreak eta landareak erein, zaindu eta, tokatzen bada, fruitua biltzea da egitekoa. Nekazari jatorriko eskualdea izanagatik, naturarekiko eta baratzegintzarekiko lotura lasatuxea ez ote dagoen kezkatuta, haurrei txikitatik txertatu nahi dizkiete baloreak. Eskola Baratza proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeetako zuzendariek azaldu dutenez, askotariko balioak lantzeko aukera ematen du baratzegintzak. fruitua lortzeko landu, zaindu eta itxaron behar dela barneratzea; lurrarekiko eta naturarekiko begirunea, ingurumenaren berri praktikaren bidez jasotzea, eta osasunerako mesedegarriagoak diren elikagai naturalak ekoitz litezkeela ikustea dira, besteak beste, balore batzuk. Ikastetxeek euren kabuz hasi duten egitasmoak izaera ofizialagoa hartu zuen atzo. Goierriko 22 udalek eta nekazari elkarteek osatutako Goimen landa garapen agentziarekin hitzarmena sinatu dute Goierriko sei herritako ikastetxe banak. Alde guztiek «aurrerapausoa» dela aitortu dute ofizialtze bidean egindako «urratsa». Zaldibiako Goizane eraikinean sinatu dute akordioa. Hitzarmenaren arabera, Goimenek azpiegituren eta lanabesen kostuaren %65 finantzatzeko konpromisoa hartu du. Aholkulari bat ere hartu du, garapen agentziaren eta ikastetxeen artean bitartekaritza eta aholkularitza egiteko: Pili Eskisabel ataundar nekazaria. Curriculumean txertatu «Etorkizuneko gizartea eta nekazaritza gaurko haurren esku egongo da, eta garrantzitsua da txikitatik baserri mundua ezagutzea. Baserria unibertsitatea da», esan du Goimeneko lehendakariorde [...]
Urte batzuk badarama Goierriko ikastetxe multzo batek ikasleentzat baratzea jarri eta haiek lantzen. Eskolaren inguruko lur sailetan barazkiak, loreak eta landareak erein, zaindu eta, tokatzen bada, fruitua biltzea da egitekoa. Nekazari jatorriko eskualdea izanagatik, naturarekiko eta baratzegintzarekiko lotura lasatuxea ez ote dagoen kezkatuta, haurrei txikitatik txertatu nahi dizkiete baloreak.
Eskola Baratza proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeetako zuzendariek azaldu dutenez, askotariko balioak lantzeko aukera ematen du baratzegintzak. fruitua lortzeko landu, zaindu eta itxaron behar dela barneratzea; lurrarekiko eta naturarekiko begirunea, ingurumenaren berri praktikaren bidez jasotzea, eta osasunerako mesedegarriagoak diren elikagai naturalak ekoitz litezkeela ikustea dira, besteak beste, balore batzuk.
Ikastetxeek euren kabuz hasi duten egitasmoak izaera ofizialagoa hartu zuen atzo. Goierriko 22 udalek eta nekazari elkarteek osatutako Goimen landa garapen agentziarekin hitzarmena sinatu dute Goierriko sei herritako ikastetxe banak. Alde guztiek «aurrerapausoa» dela aitortu dute ofizialtze bidean egindako «urratsa». Zaldibiako Goizane eraikinean sinatu dute akordioa.
Hitzarmenaren arabera, Goimenek azpiegituren eta lanabesen kostuaren %65 finantzatzeko konpromisoa hartu du. Aholkulari bat ere hartu du, garapen agentziaren eta ikastetxeen artean bitartekaritza eta aholkularitza egiteko: Pili Eskisabel ataundar nekazaria.
Curriculumean txertatu
«Etorkizuneko gizartea eta nekazaritza gaurko haurren esku egongo da, eta garrantzitsua da txikitatik baserri mundua ezagutzea. Baserria unibertsitatea da», esan du Goimeneko lehendakariorde Joxe Leundak.
Ildo beretik hitz egin du Manex Aranburu teknikariak ere. «Hain urrun eta hain gertu dugun nekazaritzaren mundua ezagutu behar dute, biodibertsitatea eta elikadura jasangarritasuna arrotzak zaizkielako haurrei. Baratzea kultura da, etimologikoki cultivare-tik dator, eta kultibatu egin behar dira balore horiek ere».
Praktikatik teoriaren esparrura eraman nahi dute orain ikastetxeek Eskola Baratza proiektua, eskola-currilumean sartu eta ikasgaien edukietan txertatuta. Ikasturteko «erronka» horixe izango dutela aurreratu du Lardizabal eskolako ordezkariak.
Jangelarako suposatzen duen onura, norbere baratzean egitekoak dituzten asmoak edo orain arteko prozedura azaldu dute ikastetxeko bakoitzeko kideek.
Legazpiko Ingurugelako teknikari Edurne Huesak borobildu duenez, «kalitateko hezkuntza ematen du baratzea daukan ikastetxeak ere, ez da soilik informatika arloan puntan egotea».
Partaideak
- Goimen
- Ingurugela (Legazpi)
- Aita Iparragirre herri eskola (Idiazabal)
- Andramendi ikastola (Beasain)
- Lardizabal herri eskola (Zaldibia)
- Ugaro herri eskola (Legorreta)
- Zeraingo Herri Eskola
- Zumarraga-Urretxu Ikastola













