Bizi-bizirik jarraitzen duen ohitura
Seguran egun berezia da abenduaren 6a, San Nikolas eguna ospatzen baitute. Santu Txikia buru dutela etxez-etxe ibiltzen dira haurrak, gozoki eta opari eske. Gurasoek nostalgiaz bizi ohi dute biharko eguna, txikitako oroitzapenak etortzen baizaizkie gogora. Baita aiton-amonek ere, aspaldiko usadioa baita. Inork ez daki zehatz-mehatz noiztik datorren, baina jakina da urte mordoa duela. Laureano Telleria eta Jose Luis Etxeberria ibili ohi dira antolaketa lanetan aspaldiko urteetan. Beraiek ere umetan ibiltzen ziren San Nikolas eskean. Oinarrian ohitura horrek bere horretan jarraitzen du, baina aldaketa bat edo beste ere izan da urteen joan etorrian. Telleriak eta Etxeberriak aipatu zutenez, lehen, San Nikolas egunaren bezperan, haurrak arratsaldeko hirurak aldera eskolatik irten eta urte horretan Santu Txikia izango zenaren etxera joaten ziren. Hark buruko txanoa jantzi eta makila hartzen zuen eskuan, eta umeak kantuan hasten ziren, entrenamendu gisara. San Nikolasen amak sagarrak eta frutuak botatzen zizkien, eta gustura hartzen zituzten haiek. Bukatu eta gero, berriz eskolara itzultzen ziren. Egun ez dute horrelakorik egiten, ospakizuna egun bakarrera mugatzen baita. Mezarako eskean Santu Txikia eta haren laguntzailea San Nikolasen mezarentzat etxez-etxe eskean ere ibiltzen ziren, Telleriaren eta Etxeberriaren arabera. “Ohitura bata zein bestea galdu zirela 40 bat urte dira dagoeneko, eta noski berriz berreskuratzea ia ezinezkoa [...]
Seguran egun berezia da abenduaren 6a, San Nikolas eguna ospatzen baitute. Santu Txikia buru dutela etxez-etxe ibiltzen dira haurrak, gozoki eta opari eske. Gurasoek nostalgiaz bizi ohi dute biharko eguna, txikitako oroitzapenak etortzen baizaizkie gogora. Baita aiton-amonek ere, aspaldiko usadioa baita. Inork ez daki zehatz-mehatz noiztik datorren, baina jakina da urte mordoa duela. Laureano Telleria eta Jose Luis Etxeberria ibili ohi dira antolaketa lanetan aspaldiko urteetan. Beraiek ere umetan ibiltzen ziren San Nikolas eskean. Oinarrian ohitura horrek bere horretan jarraitzen du, baina aldaketa bat edo beste ere izan da urteen joan etorrian.
Telleriak eta Etxeberriak aipatu zutenez, lehen, San Nikolas egunaren bezperan, haurrak arratsaldeko hirurak aldera eskolatik irten eta urte horretan Santu Txikia izango zenaren etxera joaten ziren. Hark buruko txanoa jantzi eta makila hartzen zuen eskuan, eta umeak kantuan hasten ziren, entrenamendu gisara. San Nikolasen amak sagarrak eta frutuak botatzen zizkien, eta gustura hartzen zituzten haiek. Bukatu eta gero, berriz eskolara itzultzen ziren. Egun ez dute horrelakorik egiten, ospakizuna egun bakarrera mugatzen baita.
Mezarako eskean
Santu Txikia eta haren laguntzailea San Nikolasen mezarentzat etxez-etxe eskean ere ibiltzen ziren, Telleriaren eta Etxeberriaren arabera. “Ohitura bata zein bestea galdu zirela 40 bat urte dira dagoeneko, eta noski berriz berreskuratzea ia ezinezkoa da”.
Ez dira aldatu diren gauza bakarrak. Laureano Telleriak eta Jose Luis Etxeberriak umeak zirenean erderaz abesten zuten. Eta baita geroagoko haurrek ere, ikastola sortu zen arte. Ordutik aurrera euskaraz abesten hasi ziren segurarrak, eta kantuaren hizkia ere aldatu egin zuten.
San Nikolasi eta haurrei etxeko balkoietatik botatzen dizkieten produktuetan ere eman da aldaketa. Lehen haurrei frutak botatzen zizkieten. Goxokirik eta dirurik ez. Garai hartako haurrek asko estimatzen zuten, gainera, jasotakoa. Laureano Telleriak dionez San Nikolas izatea egokitu zitzaion urte hartan eman zioten kukurutxuetako batean 5 zentimo, txokolatea eta mazapan bat zeuden. Izugarrizko poza hartu zuen segurarrak haiek ikusitakoan. “Egunak iraun zizkidaten, gainera”, dio Telleriak.
Gaur egun batez ere goxokiak ematen dizkiete, eta diru pixka bat ere bai etxe batzuetan. Lehengo usadioari bere horretan eutsi nahi diotenek, frutak ere botatzen dituzte. Telleria eta Etxeberriaren arabera, oraingo haurrak ere oso gustura ibiltzen dira, “baina gure garaian baina askoz gauza gehiago dutenez, beste modu batean hartzen dute”.
Garaiak aldatu diren arren, orain ere egun garrantzitsua izaten da San Nikolas Eguna, Seguran, eta haur denak irtetzen dira kalera. Eta ez bertakoak bakarrik, inguruko herrietatik ere agertzen baitira gurasoak beraien seme-alabekin.
Goizean irtengo dira
Bihar, abenduak 6, goizeko hamarretan irtengo dira Segurako arboladitik, aurtengo San Nikolas Txikia, Eneko Aldasoro pottoka gainean dela. Bidean geldialdiak egin eta kantua abestuko dute: San Nikolas Txikia/ gure ganbaran hazia/ gure ganbaran zer dago/haren gona gorria./ Bost eta sei bakalao jale/ bost eta sei hamaika/ txorixorik ez baldin bada/ berdin dala lukainak (bis)./ Bota, bota, bota/ Jainkoak emango du eta.
Abestia kantatu bezain pronto gora, etxeko balkoietara begira jarriko dira haur guztiak, eta bizilagunek botatako gozokiak poltsetan sartuko dituzte. San Nikolasi berriz, bere laguntzaileak hurbilduko dizkio opariak. Horixe da eguerdi partera arte errepikatuko den irudia.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera umeek hainbat jolasetan parte hartu ahal izango dute, Segurako Gazte Asanbladak antolatuta.













