G Puntuko finalean ariko dira Apalategi eta Sarriegi
Iñaki Apalategi, G Puntuan bertsotan Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrak G Puntua txapelketako finalean izango dira hilaren 18an. Atzo, Hernanin jokatu zuten finalerdietako hirugarren eta azken saioa irabazita lortu zuen fi...
Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrak G Puntua txapelketako finalean izango dira hilaren 18an. Atzo, Hernanin jokatu zuten finalerdietako hirugarren eta azken saioa irabazita lortu zuen finalerako txartela Apalategik. Hasierako agurren ondoren, zortziko txikian abestutako bertsoetan nabarmendu zen lehenengo Apalategi, baina azken kartzelakoan egindako lanak eman zion garaipena.
Jon Zaldua gai-jartzaileak Urte askoan aurreztutako diru guztia banketxetik ateratzera zoaz gaia jarri zien bertsolariei, eta gaiari puntu ezberdinetatik erantzun bazioten ere, bertso ederrak entzuteko aukera egon zen. Iñaki Apalategirenak, kasu. Saio osoan zehar erregulartasuna mantendu zuen beasaindarrak, baina azken bertso horiei esker izan zen puntu gehien lortu zituen bertsolaria, guztira, 480 puntu.
Aitor Sarriegi, puntuazioaren arabera sailkatu da finalerako. Tolosako oholtzara igota, 492 puntu lortu zituen, eta finalean aritzeko aukera. Bi beasaindarrekin batera Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Jon Martin, Agin Rezola, Alaia Martin, eta Unai Agirre ariko dira bertsotan hilaren 18ko finalean. Donostian, Illunben, izango da G Puntuako azken saioa, eta bertan jakingo da zein den Gipuzkoako txapelduna.














